
ehunmilak proiektuko antolakuntza batzordeak erabaki du 2026ko edizioa ez antolatzea. Erabaki zaila eta hausnartua izan da eta horrexegatik antolakuntzak horretarako dituen arrazoiak proiektu hau lagundu/babestu/bultzatu duzuen guztiokin partekatu nahi ditu.
Antolakuntza batzordea Beasainen kokatuta dagoen lagun talde txiki batek osatzen dugu. 2008. urteaz geroztik boluntarioki urte guztian zehar bilerak egiten eta lanean diharduguna. Ordu asko eskaini dizkiogu proiektu honi. Proiektua martxan jarri zenetik hona taldekideen egoera pertsonal eta familiarra nabarmen aldatu da eta ondorioz zaildu egin da proiektuari behar bezala aurrera eramateko beharrezko denbora eskaintzea. Gainera, azken urteak nekagarriak izan dira. Erabaki zail asko hartu behar izan ditugu eta horrek guztiak gainzama handia jarri du gure bizkar gainean. Nekeak eta erreleboaren faltak eragin handia izan dute taldean. Antolakuntza taldeaz gain ordea, oinarrizkoak diren beste hainbat kideren hutsunea ere aurreikusten dugu hurrengo edizioetarako.
Antolakuntzako giza baliabideaz gain, baliabide ekonomikoek ere izan dute eragina erabaki hau hartzerako garaian. Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera berdina eduki. Proiektuaren maila mantentzeko garaian gastuek etengabe egin dute gora eta ez dugu jakin maila berean diru-sarrerak egokitzen. Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko ahalegin eta lan gehigarriak egitera behartuak egon gara. Egoera horrek guztiak ez digu lasterketetan berrikuntzak ezartzea ahalbidetu eta ondorioz, ezta askotan gustatuko litzaigukeen adinako kalitatea eskaintzea ere antolatzen ditugun hiru lasterketetan.
Azken lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiegu urte guzti hauetan gure ondoan izan ditugun eta gugan sinetsi duten erakunde, babesle eta laguntzaile guztiei. Baita edizio guzti hauetan gure lasterketak aukeratzeagatik parte hartu duten korrikalariei ere. Eta nola ez, proiektu handi hau osatzeko ezinbestekoak izan diren boluntario horiei guztiei. Horiek gabe hau guztia ez bailitzateke posible izango.
Nolanahi ere, proiektuarekin jarraitzeko interesa izan dezakeen edozein talderi ateak irekitzen dizkiogu. Gure laguntza eta orain arte erabilitako materialak eskuragarri egongo dira.
Agur bero bat,
ehunmilak Ultra-Trailยฎ antolakuntza batzordea













