BEASAINGO HITZA. Zortzi egun besterik ez dira falta Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketak hasteko. Antolakuntza taldekoak dena prestatzen ari dira egun horietarako, eta boluntarioekin bilerak egiten ari dira egunotan. Ostiral honetan egingo dute probaren aurkezpen ofiziala, Igartza jauregian.
Haren aurretik, ordea, hainbat ohar eman dituzte jada antolatzaileek. Horietako bat, probaren egunetan jarriko duten autobus zerbitzuaren ingurukoa da. Aurten ere, bost autobus linea jarriko dituzte, egunez eta gauez, proba pasatzen den tokietara iristeko.
Beasain eta Lizarrusti arteko autobusa, 08:00etatik 22:00etara bitartean ariko da martxan larunbatean; itzulerako azken bidaia, 23:00etan egingo du, Lizarrustitik abiatuta. Tarte horretan, bi orduz behin abiatuko da autobusa.
Zumarraga eta Azpeitia arteko autobusak bi irteera egingo ditu ostiralean, 22:30ean eta 00:00etan. Azpeitia-Beasain-Azpeitia lineak berriz, hiru bidaia egingo ditu; 00:40, 02:55 eta 05:10ean.
Hirugarren linea batek, Tolosa, Amezketa, Abaltzisketa, Larraitz, Zaldibia, Ordizia eta Beasain arteko bidea egingo du, atzera Tolosara itzultzeko. Larunbat goizeko 06:00etan hasi eta 14:55era arte egingo du ibilbide osoa; 16:20 eta 18:20an, Amezketatik Beasainera arteko zatia egingo du.
Azken autobus zerbitzua, Beasaindik abiatu eta Idiazabal, Etxegarate, Otzaurte eta Zegama zeharkatuko ditu; bueltako bidean, Zerainen, Mutiloan, Liernian, Ormaiztegin eta Beasainen geldituko da. Larunbat goizeko 06:30ean hasi eta igande goizaldeko bostak arte egingo du ibilbide osoa. Gero, 14:45era arte, Beasaindik zuzenean Zerainera joango da, Etxegaratetik eta Otzaurtetik pasa gabe.