Bigarren urtez jarraian bat egingo dute puntako korrikalariek eta zaletuek Groseko lasterketan
Urteroko ohiturari jarraiki, Uliako Gimnastika Elkarteak Erregetako Krosa antolatu du aurtengoan ere, 82. aldiz. Partaideen eta azken albisteen berri emateko, prentsaurrekoa eman zuten klubeko Mikel Sainz de Barandak, Kutxako Iñaki Almandozek eta atletismo federazioko Mikel Odriozolak. Groseko lasterketan, bat egingo dute puntako atletek eta korrikalari zaletuek, bigarren urtez jarraian; eta momentuz, 160 lagunek eman dute izena. Hala ere, iaz 220 partaide izan zituztenez, aurten 300 korrikalari baino gehiago aritzea espero dutela esan zuen klubeko presidenteak. Momentuz, gaur izango da izen ematea Internet bidez egiteko azken eguna, www.kirolprobak.com webgunean. Bestela, lasterketaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, horretarako egokitutako bulegoan.
Gebre eta Asahssah
Atleta ezagunei dagokienean, emakumeak izango dira gehienak, besteak beste, Trihas Gebre etiopiarra (aurtengo Behobiako txapelduna), Malika Asahssah marokoarra (Erregetako Kroseko garailea azken bi urteetan), Maria Lopez de Tejada donostiarra, Nell Rojas estatubatuarra eta Fatima Ayachi marokoarra. Lehenengo bien artean, hau da, Gebre eta Asahssahren artean, lehia bizia espero dute Gimnastikakoek. Gizonezko aurpegi ezagunak ere egongo dira, Abdellah Tagharrafet marokoarra (iazko Erregetako Kroseko hirugarren sailkatua), Rahid Naddij eta Alejandro Martinez espainiarrak edota El Hassan Oubaddi marokoarra.
Orain arte Gimnastikakoek lotu dituzten atleta ezagunen artean horiek aipatu zituzten, hala ere, azken orduko beste partaideren bat espero dutela aurreratu zuten.
Sariei dagokienean, irabazleentzako iazko sariak mantenduko dituzte. Korrikalari zaletuek ere euren saria jasotzeko aukera izan dezakete, izan ere, Eguberriekin zerikusi zuzena duten hainbat opari zozkatuko dituzte partaide guztien artean.
Gainera, aurten lehenengoz, Erregetako Krosak Gabonetako Challengea osatu du San Silvestre donostiarra eta Hondartzako Krosarekin batera. Beraz, hiru lehia horietatik azkena etzikoa izango denez, lasterketa bukatzean Challenge horretako onenak ere sarituko dituzte, proba guztietako denborak batuta.
Erregetako Krosa
Noiz. Urtarrilak 6. Hasiberri eta Haur mailakoak, 10:30ean; Kadete eta Jubenilak, 11:00etan; lasterketa nagusia, 11:45ean.
Non. Grosen.
Distantzia. Hasiberri eta Haur mailakoek, 1.830 metro; Kadete eta Jubenilek, 4.410 metro; helduek eta beteranoek 10 kilometro.
Izen ematea. kirolprobak.com
Iturria: http://irutxulo.hitza.info