Web
Analytics
Europako, Asiako eta Espainiako dominadunak, Donostiako hipodromoan - Lasterketak.eus Europako, Asiako eta Espainiako dominadunak, Donostiako hipodromoan - Lasterketak.eus

Europako, Asiako eta Espainiako dominadunak, Donostiako hipodromoan

  • Igandean, Donostiako Nazioarteko Kroseko 64. edizioa ospatuko da
  • Sarrerak salgai daude jada Robers kirol dendan eta baita Gipuzkoako Atletismo Federazioan (sei euro); igandean, hipodromoan, hamar eurotan.
  • Emakumezkoen lasterketan, antolatzaileek Espainiako atleta baten garaipena bilatu nahi izan dute.

Donostiako Nazioarteko Krosa ospatzeko oso gutxi gelditzen da. Igande goizean, Donostiako hipodromoan, 64. edizioa ospatuko da. Urte hauetan zehar, munduko atleta hoberenak pasa dira Gipuzkoako hiriburutik, eta aurten ere, Europako, Asiako eta Espainiako txapelketetako dominadunak egongo dira.

Astearte honetan, Donostiako Nazioarteko Krosa aurkeztu da Donostiako Udaletxean. Bertan, Eneko Goiak (Donostiako alkatea), Iñaki Iturriozek (Gipuzkoako Foru Aldundia), Raquel Olaizolak (BMW Lurauto), Amaia Andresek (Gipuzkoako Atletismo Federazioa), Patxi Larreak (Fly Group) eta Karel Lopezek (moderatzailea) hitz egin dute. Gipuzkoako zaleei gonbidapena eskaini diete.

Zaleek garrantzia haundia izan dute kros honetan eta arrazoi horregatik sarrerak salgai daude jada. Non? Gipuzkoako Atletismo Federazioan eta Donostiako Robers kirol dendan. Urtarrilaren 26ra arte 6 eurotan salduko dira, eta urtarrilaren 27an, aldiz, 10 eurotan. Azken kasu honetan, hipodromoko txarteldegietan egongo dira eskuragarri. Gazteek (12 urte baino gutxiago) sarrera dohainik izango dute.

Krosa Euskadiko master txapelketa izango da, eta baita Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria ere (kategoria guztietan).

Emakumezkoen lasterketan, antolatzaileek Espainiako atleta baten garaipena bilatu nahi izan dute. 2011. urtean Nuria Fernandez izan zen Espainiako azken garailea. Eta madrildarrak orain dela aste gutxi goi mailako konpetizioa utzi zuen.

Gizonezkoen lasterketan, aldiz, hainbat lekutako atletak bilduko dira: Espainiako, Europako eta Asiako txapelketetako dominadunak, esate baterako.

GOI-MAILAKO ATLETAK

Emakumeak:

  • Maitane Melero: Espainiako txapelduna 3.000 eta 5.000 metrotan (2018) eta Europako txapelketako bederatzigarrena (10.000, 2018).
  • Alessandra Aguilar: bosgarren sailkatua 2013. urteko maratoiko Munduko Txapelketan.
  • Elena García: Espainiako Kros Txapelketako laugarrena (2018).
  • Irene Sánchez-Escribano: 3.000 metro oztopoetan Espainiako txapelduna (2017 eta 2018), Espainiako bigarrena krosean (2018) eta zortzigarrena Europako Txapelketan (3.000 metro oztopo, 2018).
  • María José Pérez Moreno: Espainiako txapelduna 3.000 metro oztopoetan (2016).
  • Carla Gallardo: zazpigarren Munduko junior txapelketan (3.000, 2018) eta seigarrena Europako kros junior txapelketan (2018).

Gizonak:

  • Ayad Lamdassem: Espainiako kros txapelduna (2011, 2014 eta 2018).
  • Fernando Carro: ANOC sariaren irabazlea (2018) eta Europako Txapleketan bigarren 3.000 metro oztopoetan (2018).
  • Ouassim Oumaiz: Europako Kros junior txapelketan bigarrena.
  • Hassan Chani (Barein): Asiako txapelduna (10.000 metro, 2018).
  • Tesfaye Deriba (Etiopia): zazpigarren Munduko Txapelketan (3.000 metro oztopo, 2017).
  • Albert Rop (Barein): Asiako bigarrena 5.000 metrotan eta Rioko Joko Olinpikoetan zazpigarrena.
  • Yago Rojo, Housame Benabbou, David Palacio, Nassim Hassaous, Daniel Arce, Javier Nagore…

KROSA EZAGUTZEKO BOST DATU

  • Donostiako Nazioarteko Krosa 1956. urtean jaio zen. Urte bat lehenago, Nazioen Krosa ospatu zen (gaur egungo Munduko Txapelketa) Donostian.
  • Donostiak Nazioen Krosa hirutan antolatu du.
  • Emakumezkoen lehen lasterketa 1971. urtean ospatu zen.
  • Krosak 20 herrialdeetako garaileak izan ditu orain arte.
  • Munduko atleta hoberenak egon dira hipodromoan. Emil Zatopek-ek, Urrezko Danborra jaso zuen bere garaian.
Leave a Comment

Artxibo
Event Search