AIARALDEA.COM. Mendi-lasterketen denboraldia ezin zitekeen hobeto hasi gure eskualdeko korrikalarientzat. Izan ere, zapatuan, Zaramilloko (Enkarterri) Apuko Extrem mendi-lasterketan Amurrio Trail Taldeko Gaizka Barañano “Txapel” garaile atera zen, probaren 84 kilometroak 10 ordu eta 15 minutuan bete ostean. Txapel 25. kilometrotik aurrera lasterketa-buruan jarri zen bakarrik, eta helmugara arte eutsi ahal izan zion abantailari. Barañanoren atzetik, 8 minutura, Imanol Aleson azkoitiarra eta Joxelu Albizuri Azpeitiko lasterkari beteranoa helmugaratu ziren. Apuko Extrem bigarren urtez jokatu da aurten, oso lasterketa gogorra da (Ganekogorta, Gallarraga, Eretza, Ganeran eta Apuko mendietatik pasatuz 4.484 m-ko desnibela) eta Txapelentzat denboraldiko lehen proba izan da. Hasiera ezin hobea, beraz, eta beste pauso bat Gaizka azken urteotan mendi-lasterketen munduan egiten ari den goranzko bidean.
Domekan, berriz, Jabi Olabarria izan zen protagonista. Orozkoarrak beste urte batez indartsu ekin dio denboraldiari, eta aurreko asteburuan Mendaroko mendi-lasterketan azkarrena izan bazen, atzokoan ere erakustaldia eman zuen Oñatiko Aloña Igoeran, eta garaipena eskuratu zuen, Juanjo Igarzabalekin lehia polita burutu ondoren. Olabarriak 1 ordu eta 16 minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko, eta bere 41 urterekin argi erakutsi zuen sasoi betean dagoela eta aurtengo Euskal Kopa irabazteko hautagai sendoa dela. Maiatzaren 5ean bere herrian, Orozkon, Karrakan Mendi Lasterketan bere aukerak baliatu beharko ditu.