Ehunka bikotek hartuko dute parte 11:30ean Araba kaletik abiatuko den lasterketa herrikoian
Iritsi da korrika egiteko zaletasuna eta parekidetasuna ondoen uztartzen dituen urteroko kirol proba. Gaur goizean jokatuko dute Zarauzko Bikoteen XXXI. Kross Mistoa herriko kaleetan barrena. Irteera, Araba kaletik izango da 11:30ean, Kiroldegiaren paretik. Urtero moduan, ehunka bikotek hartuko dute parte gaurko hitzorduan ere. Ostiralerako 400 bikotek jada izena emana zuten parte-hartzaileen zerrendan. Herriko lasterkariez gain, Euskal Herriko beste zenbait tokitatik ere torriko dira korrikalariak gaurkoan.
Gaur ere izena emateko aukera
Azken ordurako lanak egin gabe utzi dituztenek ere izango dute izena emateko aukera gaur. Hain zuzen ere, 11:00ak arte egongo dira izenak hartzen Kiroldegian jarritako mahaian.
Antolakuntzako kideek gaur goizean bertan banatuko dituzte dortsalak eta txipak; azken hauek, sailkapeneko denborak azkarrago lortzea ahalbidetuko dute.
Ibilbideari dagokionez, aurreko urteetan baino 800 metro inguru laburragoa izango da, Azken Portuko lanek eraginda.
Amaiera Musika Plazan
Lasterketaren amaiera Musika Plazan izango da. Hain zuzen ere, lehen postuetan sailkatzen direnei bertan emango dizkiete sariak eta garaikurrak. Baina horrez gain, hainbat zozketa eta sari ere izango da partaideen artean banatzeko.
Iturria: Urola Kostako Hitza