Donostiako I. Milia Homologatua izeneko lehia egingo dute, abenduaren 14an.
Gipuzkoako Elikagai Bankuak Donostian du egoitza, Morlansen. Oraingoan, jarduera berezia antolatu du behar handiena dutenen alde dirua biltzeko. Gabonetatik gertu lasterketa bat antolatu dute: Donostiako I. Milia Homologatua. Zehazki, abenduaren 14an jokatuko dute lehia, 16.00etan, Grosen. Lasterketa laburra izango da, izenak berak dioen moduan, milia batekoa, hau da, 1.609 metrokoa, beraz, edozeinek egiteko modukoa. Hala, Sagues eta Kursaal arteko eremua hartuko du.
Lasterketarako izen ematea dagoeneko zabalik dago, Kirolprobak.com webgunean, abenduaren 11 arte. Izen emateak bost euro balio du, txip horia izan ezkero, bestela, txipa alokatu behar izatekotan, 7 euro ordaindu beharko dira. Haurrentzako izen ematea doakoa izango da eta rollerek ere parte hartzeko aukera izango dute.