Web
Analytics
Gontzal Sanzek irabazi du Josetxo Imaz Krosa, eta Trihas Grebek nesken marka ondu du - Lasterketak.eus Gontzal Sanzek irabazi du Josetxo Imaz Krosa, eta Trihas Grebek nesken marka ondu du - Lasterketak.eus

Gontzal Sanzek irabazi du Josetxo Imaz Krosa, eta Trihas Grebek nesken marka ondu du

Goierriko atletismo proba jendetsuena beste behin arrakasta betekoa izan da, «perfektu atera da», antolatzaileen esanetan. Aldagai guztiak aldeko izan ditu Josetxo Imazen Omeneko XI. Krosak: eguraldi eguzkitsua eta gozoa -azkenerako bero antzera-, korrikarako giro apartekoa, partaidetza jendetsua eta kalitatezkoa. Goierri beheko hiru herrigune hazienetatik igarotzen den korrikaldia 969 lagunek osatu zuten, igandean. Izena emanda 1.072 zeuden.

Gontzal Sanz gasteiztarrak irabazi du krosa, 30:30 minuturekin. Sasoiko dagoela erakutsi du fondoko korrikalariak. Elhassan Oubaddi marokoar jatorriko atletari 13 segundoko aldea atera dio, eta hustuta iritsi zen Jon Arozena irundarrari 17koa.

Eguneko izarra, garailearen eta gainontzeko atleta herrikoien baimenez, Trihas Gebre Aunoon izan zen. Donostian bizi den etiopiar jatorriko emakumeak egundoko lasterketa osatu zuen. Emakumezkoen saileko denbora marka puskatu du, errekorra 33:03 minutuan jarrita. Diru saria bikoiztu zuen horrela (600 euro). Sailkapen orokorrean 10. egin zuen. Denera 132 emakumezko ziren, guztizkoaren %14.

Emakumezkoetan 2009an irabazi zuen Raquel Llamasek bigarren postuarekin konformatu behar izan du aurten, Gebrerekiko hiru minutura.

Ibilgiro bikainarekin ekin zioten ia mila korrikalarik lanari, Lazkaoko Hirigoien kalearen hasieran. Herrigunean bi kilometro osatuta, Ordizia eta Beasain zeharkatu zituzten gero. Lehen birarako zortzi atleta jarri ziren buruan; atzenean lehen zazpi postuetan sailkatu zirenak, eta Iñaki Gebrero. Min hartu zuen gipuzkoarrak, eta lasterketa bukatzea lortu zuen arren, podiumerako aukerarik gabe geratu zen.

Gontzal Sanzek «azkenean» bai, irabazi du Goierrin. Azkeneko bi urteetan txapeldunorde izan da, podiumeko goiko koska zapaldu zuen igandean. Beasainen jo zuen eraso erabakigarria, Nafarroa etorbideko zuhaiztian. Lasterketa burua hantxe puskatu zuen; Oubaddik soilik jarraitu zion, baina Sanz bakarrik iritsi zen Lazkaora, eroso.

Herrikoiak ongi, ikusleak asko
Maila herrikoian ere gozatzeko moduko lasterketa izan zuten lasterkariek. Ia guztiek -952 lagunek- ordubeteren azpitik bukatu zuten. Opari poltsa, jan-edana nahi beste, eta dutxa zerbitzua zeukan bakoitzak akaberan.

Ikusle asko bildu zen errepide ertzetan, batez ere lasterketa bigarren aldiz hasi eta bukatu den Lazkaon. Hiru herrietako aurreneko korrikalariak ere saritu dituzte Txindoki Atletismo Taldeko antolatzaileek. Gizonezkoetan, Iker Sanchez (Ordizia), Xabier Larrion (Beasain) eta Cesar Fernandez (Lazkao) izan dira lehen herritarrak; emakumezkoetan Maider Gaztañaga (Ordizia), Elena Calvillo (Beasain) eta Amaia Iza (Lazkao).

Mila partaideren artean 400 bat ziren goierritarrak. Goierriko Hitzaren garaikurra Fernando Monasterio altzagarrak eta Elena Calvillo beasaindarrak jaso dute.

Berritasun gisa, irristalarien erakustaldia izan du Josetxo Imaz Krosak. Hemeretzi partaidek egin dute estreinako esperientzian proba, korrikalarien aurretik. Aurretik, 300 bat haurrek parte hartu zuten lasterketetan.

GIZONEZKOAK

Gontzal Sanz (Gasteiz) 30.30
Elhassan Oubaddi 30.43
Jon Arozena (Irun) 30.47
Abdelhadi Habassa (Novallas) 31.07
Kamali Majduiubi (Bilbo) 31.25
Imanol Cruz (Donostia) 31.36
Sergio Roman (Hernani) 31.38
Ion Arzubialde (Donostia) 32.53
Eneko Garin (Villabona) 33.00
Trihas Gebre Aunoon (Don.) 33.03

EMAKUMEZKOAK

T. Gebre Aunoon (Donostia) 33.03
Raquel Llamas (Gasteiz) 36.04
Samira Aqhbouche (Bilbo) 36.18
Maider Gaztañaga (Ordizia) 37.01
Cristina Loeda (Eibar) 37.27

Iturria: http://goierri.hitza.info

Artxibo
Event Search