- Larunbat honetan, irailaren 23an, Zeanurik Gorbeia Suzien mendi lasterketaren hamargarren edizioa hartuko du. Aurten Skyrunning Munduko Kopako Premier proba izango da.
- Nazio ezberdinetako korrikalariak munduko onenak izateko lehiatuko dira 32 kilometroko ibilbidean eta 2.400 metroko desnibel positiboan
- Gorbeia Suzien Merrell 2023k 32 eta 21 kilometroko urteroko bi lasterketei eusten die, eta 800 parte-hartzaileek Gorbeiako Parke Naturaleko malda gogorrei aurre egin beharko diete
- Skyrace lasterketa 9:00etan hasiko da, eta 21K lasterketa 11:00etan abiatuko da. Biak Zeanuriko plazan hasiko dira.
- Doako autobus zerbitzu batek publikoa Zeanuritik Pagomakurrera hurbilduko du, korrikalariak animatzeko aukera izan dezaten
BBK Salan egin da gaur goizean Gorbeia Suzien Merrell lasterketaren hamargarren edizioaren aurkezpena. Aurtengoa ISF-k, Nazioarteko Skyrunning Federazioak, antolatzen duen Munduko Kopako azken Premier proba izango da, hori dela eta Gorbeiako aldapek puntu erabakigarriak banatuko dituzte gizonezkoetan eta emakumezkoetan Munduko Kopa irabazi nahi duten korrikalarien artean.
Zirkuitua apirilean hasi zen Calamorro Skyrace lasterketarekin eta Frantzian, Austrian, Portugalen, Kanadan, Perun, Suitzan eta Italian lehiatu ondoren, dena jokoan dagoela iritsiko da Zeanurira.
SKYRACE 32K. SKYRUNNING MUNDUKO KOPAKO PREMIER PROBA
Bai gizonezkoen sailkapena bai emakumezkoena oso estu iritsi dira Gorbeia Suzien Merrel 2023ra.
Gizonezkoetan Antonio Martinez da liderra 270 punturekin eta ondoren Frederic Tranchand eta Manuel Merillas daude sailkatuta bigarren eta hirugarren postuetan, 240 punturekin berdinduta. Hiru korrikalariak aurrez aurre izango dira Gorbeiako aldapetan.
Emakumezkoetan Iris Pessey da liderra 260 punturekin, eta Zeanuriko irteeran Marcela Vasinova izango du aurkari nagusi. Txekiarrak 228 puntu pilatu ditu orain arte, eta lehen postua kentzeko asmoz dator.
Urriaren 28an Limonen ospatuko den munduko txapelketako finala irabazteko lehian ari diren korrikalari hauek goizeko 9:00etan irtengo dira Zeanuriko Plazan. San Justoko ermitan gora egin ondoren Gorbeiako parke naturalean barneratuko dira. Igoera aldapatsuak izango ditu hasierako tarte horretan. Malkar horiek gainditu eta Zanburura iritsita, Lekanda ingurura abiatuko da ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Gain harritsu honetara iritsi baino lehenago Arrabako zelaietarantz joko dute. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira eta hortik abiatuko dira Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura jaitsiko dira, bertatik, azken igoera gogorrari helduko diotelarik. Han izango dute zain Aldamin. Amaitzeko, jaitsiera luze bati ekingo diote Zeanuriko helmugara iritsi arte, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren.
Guztira 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa du Skyrace lasterketak.
21K
21 kilometroko lasterketak 1.200 metro desnibel positiboa izango du eta hau ere herrigunetik abiatuko da: San Justo ermitan Gorbeiako Parke Naturalean sartuko da lasterketa, zati aldapatsuak hasiko dira bertan. Behin hau pasa eta Zanburura iritsi ostean, zuzenean Lekanda gailurrerantz joko dute korrikalariek. Bertara iritsi baino lehen ezkerretara hartuko dute Arrabako landa berdeetara. Handik Egiriñaora abiatuko da lasterketa Gorbeiara igotzeko ohiko bidetik eta bidegurutzean Aldaminapeko bidea hartuta Lanbreabe auzora jaitsiko dira lasterkariak. Azken igoera labur batek San Juan ermitara eramango gaitu berriro ere abiapuntura iritsi aurretik.
200 parte-hartzaileek 11:00etan hasiko dute proba, aurreko bi lasterketen abiapuntu berean.
AIPAMEN BEREZIA BOLUNTARIOEI
Urte hauetan lortutakoa ezinezkoa izango litzateke erakunde eta babesleen inplikaziorik gabe eta duen guztia ematen duen Zeanuri bezalako herri baten ahaleginik gabe. Lasterketak 300 boluntario inguru ditu, eta lan izugarria egiten dute guztiek lasterketa aurrera ateratzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu lasterketaren egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera ateratzeko egiten duten ahaleginagatik.
PAGOMAKURRERA AUTOBUS ZERBITZUA
Gorbeia Suzien Merrell 2023ren antolakuntzak irailaren 23an, larunbata, Pagomakurretik Gorbeiara igo nahi duten pertsonentzat doako autobus-zerbitzua jarriko du Zeanuritik, Areatzan ere geldialdia eginez. Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute 7:00etatik 16:00etara. Egun horretan Gorbeiara igo nahi duten pertsonei autobus-zerbitzua erabiltzeko eskatu diete antolatzaileek, ibilgailu pilaketak saihesteko eta ingurumena zaintzeko konpromisoari eusteko.
GORBEIA SUZIEN
2012an aurkeztu zen Gorbeia Suzien jendaurrean. Lehenengo edizio hura Euskal Kopako azken proba izan zen eta ordudanik hazi ta hazi egin da. 2014an Skyrunner National Championship eta Euskal Kopa hartu zituen bere baitan eta harrezkero nazioarteko froga izan da. Nabarmentzekoa da, 2017ko edizioa, Skyrunningeko Europako Txapelketako lasterketa izan zela. Nazioarteko froga izanda, hamaika nazionalitateko korrikalari erakarri ditu Gorbeia Suzienek, hala nola, australiarrak, alemaniarrak, frantziarrak, amerikarrak, italiarrak, espainiarrak, poloniarrak, portugaldarrak, austriarrak, holandarrak…. Hamaika jatorri baina helburu bakarra: Gorbeia Suzien lasterketa irabaztea.
Honako hauek lortu dute helburu hori orain arteko edizioetan:
- Gorbeia Suzien 2012: Ionut Zinca eta Oihana Kortazar
- Gorbeia Suzien 2013: Ionut Zinca eta Leire Agirrezabala
- Gorbeia Suzien 2014: Ionut Zinca eta Maite Maiora
- Gorbeia Suzien 2015: Manuel Merillas eta Laura Orgue
- Gorbeia Suzien 2016: Luis Alberto Hernando eta Andrea Gil
- Gorbeia Suzien 2017: Aritz Egea eta Ingrid Mutter
- Gorbeia Suzien 2019: Aritz Egea eta Yngvild Kaspersen
- Gorbeia Suzien 2021: Zaid Ait Malek eta Denisa Dragomir
- Gorbeia Suzien 2022 Skymasters: Nico Molina eta Vachon Noémie
- Gorbeia Suzien 2022 Skyrace: Alain Santamaria eta Andrea Garay
INGURUMENAREKIKO KONPROMISOA
Antolakuntzak ahalegin berezia egiten du ingurumenarekiko duen konpromisoa aurrera eramateko. Hori dela eta, parte hartzaile eta ikusleei lasterketak zeharkatzen dituen paraje ederrak zaintzea eta errespetatzea eskatzen die, mendia guztiona delako eta denon artean zaindu beharra dagoelako.
ZUZENEKO EMANALDIA
Gorbeia Suzien lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da telebistaz ETB1ek, Teledeportek eta TV3ek egingo duten emanaldiaren bitartez.
Horrez gain, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da lasterketa Gorbeia Suzienen Youtubeko kanalean eta Facebook-en.
BABESLE NAGUSIAK
Gorbeia Suzienek babesle askoren laguntza du: Merrell, Zeanuriko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eusko Label, Gorbeia Euskadi, Guuk, BBK…
Denen laguntza beharrezkoa da eta antolakuntzatik benetan eskertzen dute egiten duten ahalegina lasterketa eta amets hau egia bilakatzeko.
EGITARAUA