Web
Analytics
Haize eta euriarekin lehian - Lasterketak.eus Haize eta euriarekin lehian - Lasterketak.eus

Haize eta euriarekin lehian

Rafael Iglesiasek gizonezkoetan eta Maria Jose Pueyok emakumezkoetan irabazi dute Behobia-Donostia lasterketa. Azkenean, 14.944 korrikalarik parte hartu dute.

Euria, hotza, kazkabarra eta batez ere haizea izan zuten bidelagun igandean Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuten korrikalariek. Hala ere, eguraldiak ez zituen kikildu, eta izena emanda zuten 18.444 kirolarietatik 14.944 abiatu ziren Behobiatik -iaz 13.928 atera ziren-.

Gizonezkoetan Rafael Iglesias espainiarra izan zen lehena Donostiako helmuga zeharkatzen, 1:01:16ko denbora eginda. Chema Martinez azken urteetako irabazleak, berriz, 1:02:43 behar izan zuen lasterketako ia hogei kilometroak egiteko.

 

Gaintxurizketan gora erritmoa aldatu, eta lasterketa burua hartu zuen Iglesiasek. Bien arteko tartea pixkanaka handitzen joan zen, eta Mirakruzko gainean 47 segundo atera zizkion Martinezi. Hala, bakarrik iritsi zen Bulebarrera Iglesias. Txalo artean eta euri zaparradaren azpian zeharkatu zuen helmuga. Emakumezkoetan, berriz, Maria Jose Pueyo espainiarra izan zen lehena, 1:12:13 denborarekin. Bere marka ondu zuen. Ezinduen kategorian, Julien Casoli, Jose Castilla eta Armando Blanco gailendu ziren.

Hasieratik baldintzatu zuen eguraldiak lasterketa. 10:30ean hastekoa zen Behobia Txiki bertan behera utzi behar izan zuten, eta ezinduak espero baino hamar minutu lehenago abiatu ziren. Hainbat azpiegitura jarri gabe geratu ziren: hesiak, eta irteera eta helmugako arkuak, esaterako. Podiuma eta kronometrajea tokiz aldatu zituzten.

Hala ere, korrikalariek arazo handirik gabe egin zuten ibilbidea, soilik 31 lagun erretiratu baitziren. Gainontzekoek, haizeari, hotzari eta euriari aurre egin behar izan zioten. Eta tarteka baita kazkabar erauntsiren bati ere.

Parte-hartzaileek ez ezik, ikusleek ere jasan behar izan zuten denboralea. Hala ere, aterki azpian milaka ikusle bildu ziren bide bazterretan, baita helmuga aurreko azken metroetan ere, Donostian. Rafael Iglesias iritsi zenetik, hiru ordu geroago Frederick Schettini beteranoak helmuga igaro arte, ikusleak txaloka aritu ziren ezagunak animatzen, baita ezezagunak ere; azken finean, hori baita Behobia, herri lasterketa, lehia baino gehiago.

Eta hiru ordu horietan, pertsona ezagunak ere ikusi zituzten ikusleek helmuga zeharkatzen: Abraham Olano eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak, Mikel Astarloza txirrindularia, Bixio Gorriz Realeko jokalari ohia, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Anne Igartiburu aktorea eta telebista aurkezlea, besteak beste.

Sailkapena

GIZONEZKOAK

1. Rafael Iglesias (Espainia) 1.01.16

2. Chema Martinez (Espainia) 1.27ra

3. Marc Roig (Katalunia) 3.00ra

4. Luis del Aguila (Espainia) 3.27ra

5. Jose Luis Capitan (Espainia) 3.29ra

6. Martin Fiz (Araba) 3.30era

EMAKUMEZKOAK

1. Maria Jose Pueyo (Espainia) 1.12.13

2. Tamara Sanfabio (Espainia) 26ra

3. Ana Casares (Nafarroa) 4.13ra

4. M. Lopez de Tejada (Gip.) 4.30era

5. Itziar Mendez (Espainia) 5.53ra

6. Romy May (Gipuzkoa) 7.10era

Iturria: www.berria.info

Artxibo
Event Search