TOLOSALDEKO HITZA. Lehenengo Euskal Trail Eguna hartuko du Ibarrak otsailaren 23an. Euskal mendi lasterketen inguruko informazioa jorratzen duen atariak euskaltrail.com-ek antolaturiko ekimena da, «jendea mundu honetara erakartzeko, gehiago ikasteko, eta egun polita igarotzeko» helburuarekin.
Euskal Trail Eguneko osagai nagusietako bat Ibarran hasi eta amaituko den lasterketa izango da. Parte hartzaileen ezaugarrien arabera, hiru taldetan banatuta egingo dutela azaldu du euskaltrail.com-eko Unai Ugartemendiak: «Batzuk erritmo azkarragoan joan nahiko dute, eta beste batzuek, berriz, lasaiagoan, ia oinez, beraz, hiru ibilbide izango dira: ordubete ingurukoa, ordu eta erdikoa eta bi ordukoa».
Nahi duenak parte hartu ahalko duen mendi lasterketaz gain, beste hainbat ekitaldi ere izango dira. Bazkaria izango da Izaskun auzoan, eta Euskal Herriko lasterkari onenak izendatu eta sarituko dituzte. Halaber, materialen zozketa egingo dute, eta baita mendi lasterketen inguruko mahaia ingurua ere. «Munduko korrikalari onenak, Iker Karrera eta Oihana Kortazar kasu, gugandik oso gertu ditugula baliatuz elkartu egin nahi izan ditugu, eta interesgarria iruditu zaigu eurekin mahai ingurua osatzea», adierazi du Ugartemendiak. Karrera eta Kortazarrez gain, Zigor Iturrietak eta Aitor Lopez Rekartek ere parte hartuko dute solasaldian. Halaber, lau izen hauez gain, Euskal Selekzioko kideak ere Ibarran izango dira otsailaren 23an.
Lasterkarientzat erreferente
Aurten estreinakoz egingo dute, eta Euskal Herriko lasterkarientzat egun hori erreferente izatea eta urtero antolatzen jarraitzea da euren helburua. Izen emateei dagokienez, dagoeneko jendea hasia dela animatzen azaldu dute. «Bizkaitik edota Leitzatik, esaterako, jendeak emana du izena, eta gure mugetatik at, Burgosetik, adibidez, ere etorriko dira». Antolatzaileek herritar oro animatu dute parte hartzera, eta oraindik hilabete geratzen den arren, azkar ibiltzeko gomendioa luzatu dute, lekua mugatua baita.
Hiru tolosarrek bultzatua
Unai Ugartemendia, Ion Ubide eta Joseba Usabiaga dira euskaltrail.com webgunearen arduradunak pasa den urteko irailaz geroztik. Tolosarrak dira, eta horregatik, Tolosaldean antolatu nahi izan dute I. Euskaltrail Eguna. Ugartemendiak adierazi duenez, betidanik izan dute horrelako egun bat antolatzeko nahia: «Mendi lasterketen denboraldia hasi aurreko astean antolatu dugu, eta egun polita izango dela espero dugu».
Hiruen artean banatzen dute webgunearen ardura, eta lehen hilabeteetan izandako esperientziarekin «gustura» daude. Euskal Herrian mendiak eta mendiarekin lotura duten kirolek duten zaletasunaren erakusle euskaltrail.com ataria da. «20.000 bisitari baino gehiago izaten ditugu hilero gure webgunean, eta Facebookeko gure orrian ere jarraitzaile ugari ditugu», dio Ugartemendiak. Urtetik urtera kirol honek jende gehiago erakartzen duela ere konturatu dira: «Garai batean lasterketa batean parte hartzeko egunean bertan izena emanda nahikoa izaten zen, baina gaur egun, lasterketaren aurreko egunetan betetzen dira zerrendak».
EGITARAUA
10:30. Ibarrako Belabieta kiroldegian hitzordua.
11:00. Korrikaldiaren irteera.
13:00-13:15. Korrikaldiaren bukaera, Belabieta kiroldegian.
14:15. Bazkaria, Izaskungo jatetxean.
16:00. Euskal korrikalari onenei eta aipamen bereziei sari banaketa.
16:15. Materialen zozketa: Medilast, Salomon, OS20…
16:30. Mahai ingurua, Izaskungo jatetxean, Iker Karrera, Oihana Kortazar, Zigor Iturrieta eta Aitor Lopez Rekarte lasterkariekin.
IZEN EMATEA
Nola. [email protected] helbidera mezua bidali, eta 20 euro sartu 2101008116001307 9116 zenbakian, izen-abizenak jarriz.
Epea. Otsailak 15.