Web
Analytics
II. Txindoki Bertikala proban parte hartzeko aukera zabalik dago - Lasterketak.eus II. Txindoki Bertikala proban parte hartzeko aukera zabalik dago - Lasterketak.eus

II. Txindoki Bertikala proban parte hartzeko aukera zabalik dago

Aurten berriz animatu dira Abaltzisketako lagun talde bat Txindoki Bertikala proba antolatzen. Ekainaren 19an izango da eta dagoeneko izena eman daiteke

www.blogak.com/txindokibertikala webgunean. Orain hiru bat urte Txindokira igotzeko apustu giroa izan zen Abaltzisketa inguruan, eta horretan zebiltzanak elkartu ziren egun batean atera zen lasterketa antolatzeko ideia.

Iaz 152 gizonezkok eta 8 emakumezkok eman zuten izena. Aurtengo probarako, atzo bitartean 72 lagunek eman dute izena.
Antolaketa lanak egiteko, Euskal Mendi Federazioarekin zein beste igoera bertikaletako antolatzaileekin hitz egiten dute. Txindokiko proba baliagarria da igoera bertikalen euskal zirkuiturako. Aurten lau proba daude: Anbotokoa, Beriainekoa, Izarraitzkoa eta Txindokikoa. Eskualdekoa da guztietan lehenengoa egutegian.

Patxi Caminos da II. Txindoki Bertikalaren antolatzaileetako bat. «Proba gogorra da. Beste igoeretatik Anbotokoa ezagutzen dut eta agian Txindokikoa baino zertxobait gogorragoa izan daiteke».

Tximista aldapatik
Larraitzko langan hasi eta Txindokiko gailurreraino iristen da proba. Iturriraino, Txindokira igotzeko ohiko bidetik joaten dira lasterkariak. Hortik Tximista izeneko aldapatik igotzen dira. Hori da tarte gogorrena. Guztira ia lau kilometro egin behar dituzte lasterkariek, eta 931 metro igo.

Korrikalariak ez dira denak batera ateratzen, erlojuaren kontrako proba baita. Beraz, banaka ateratzen dira minutu erdiko tartearekin. Iazko irabazleak Didier Zago gizonezkoetan eta Nerea Amilibia zizurkildarra emakumezkoetan izan ziren. Zagok 34 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko. Amilibiak 42 minutu eta 37 segundo behar izan zituen. Caminosek azaltzen duenez, «denbora ona da Zagok egin zuena. Iaz berak irabazi zuen euskal zirkuitua». Hala ere, beste erreferentzia bat ere aipatzen du: «Juan Mari Garinek du, berez, denborarik onena egina. Bere garaian Larraitzko baselizatik aterata Txindokiko gailurreraino 33 minutu eta zerbait egin zuen».

Iturria: alegialdea.hitza.info

 

Artxibo
Event Search