Eguraldi kaskarra egon zen arren 102 korrikalarik hartu zuten parte EATk antolatutako probaren 13. aldian
Imanol Cruz donostiarra izan zen azkerrena herenegun Herriko Enparantza eta San Marko arteko bidea egiten. Emakumezkoetan, berriz, Lurdes Oiartzabal izan zen onena. Eguraldi petrala izan zen, baina hala ere, 102 korrikalarik hartu zuten parte. Errenteriako Atletismo Taldeko kideak gustura ziren probaren bukaeran.
Imanol Cruz garaipenerako faboritoetako bat zen, eta ez zuen hutsik egin. Ibilbidea ezagutzen ez zuen arren, bikain moldatu zen San Markoko aldapetan, eta esprinean garaitu zuen Mikel Alberniz herrikidea 20:25eko denborarekin.
Emakumezkoetan ere ez zen ezustekorik izan eta Lurdes Oiartzabalek marka berria ezarrita irabazi zuen (24:46).
Gazteetan, EATko Angel Pelaez izan zen onena, eta sailkapen nagusian bederatzigarren izan zen.
Bestalde, EATk laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie proba hau egiten jarraitzeko laguntza emateagatik.
Iturria: Oarsoaldeko Hitza