Web
Analytics
Inoizko partaidetza ugariena izango du bihar Aizkorriko maratoi elurtuak - Lasterketak.eus Inoizko partaidetza ugariena izango du bihar Aizkorriko maratoi elurtuak - Lasterketak.eus

Inoizko partaidetza ugariena izango du bihar Aizkorriko maratoi elurtuak

Denera 510 atletak dute dortsala, goierritarrak 59; Munduko Kopako lehenbiziko proba da Zegamakoa
Eguraldiaren eta goi mendien egoera gaur eta bihar behatu ondoren erabakiko dute zein ibilbide egin
Lehen aldiz eguraldiak mendi maratoiko ibilbidea aldatzea eragin dezake

Teknikariak mendira joango dira eta han ikusitakoaren arabera erabakiko dute ordezko ibilbidea aukeratu ala ez.

Bihar jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 9. ekitaldia, 09:00etan hasita. Orain arteko zortzi probetan eguraldiarekin zorte ona izan dute, eta kirolariek ez dute sekula ibilbide alternatiboa egin beharrik izan, antolatzaileek badaezpada prestatuta edukitzen duten arren. Aurten, lehendabiziko aldiz, elurrak ibilbidea aldatzea eragin dezake. Probaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, teknikariak edo adituak Aratzera eta Aizkorriko gailurreriara joango dira gaur eta bihar, eta ikusitakoaren arabera hartuko dute azken erabakia, urteroko ibilbidea egingo den ala ordezko bidea, gailurretatik pasatzen ez dena.

Antolatzaileek ohiko ibilbidea egitea aukeratzen badute korrikalariak Zegamako herrigunetik irten eta Aratzeko mendigunetik eta Aizkorriko mendilerrotik pasatuko dira, inguruko tontorrik altuenak igaroz: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri.

Zegamako herri gunetik Otzaurte gainera joango dira, eta handik aurrera bide eta bidexka ugaritatik igaroko dira. Ibilbidean zuhaizti ugari, haitz biziko malkarrak eta mendi larreak tartekatuko dituzte. Ibilbidea oso tenikoa eta zailtasun handiakoa dela diote adituek.

Antolatzaileek ibilbide alternatiboaren aldeko hautua egiten badute, Aratzeko gailurretik eta Aizkorriko gailurreriatik ez dira igaroko korrikalarik. Hala eta guztiz ere, Andraizko azken igoera, Urbiatik gorakoa, igo beharko dute. Antolatzaileen hitzetan ibilbide alternatiboak ere antzeko luzera eta desnibela ditu.

Munduko kopako lehen proba

Zegama-Aizkorri mendi maratoia Sky Runner World Series 2010 mendi lasterketen Munduko Kopako lehen proba izango da. Zegamakoa 2007an sartu zen lehen aldiz Buff Sky Runner World Series zirkuituan. Mundu mailako txapelketako azken proba jokatu zuten orduan.

2008an Europako Lehiaketa izan zen. Protagonismoa Europa mailan kokatu zen, eta bertan erabaki ziren Europako txapeldunak gizonezkoen eta emakumezkoen mailetan. Iaz munduko kopara itzuli zen, eta lehiaketako bigarren proba izan zen; aurten lehendabizikoa izango da. Horregatik ohi baino azkarrago da proba.

Eskerrak herritarrei

Proba urtetik urtera garrantzia handiagoa hartzen ari dela eta korrikalari ugarik parte hartu nahi izaten dutela bertan adierazi dute antolatzaileek. Zozketa egin eta gero parte hartu ezinik geratu dira aurten ere mila lagun. Urtarrilean 1.656 eskaera jaso zituzten.

Guztia ondo atera dadin 250-300 zegamar ariko dira asteburuan eta bereziki bihar lanean. Zegamako alkateak guztiei eskerrik beroenak eman dizkie.

 
Bihar goizetik aurrera ostarteak

Euskalmetek iragarri duenez, gaur zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, goizean bereziki eta Kantauri isurialdean eta ekialdean batez ere. Lurraldearen hegoaldean, giro hobea eta prezipitazioak txikiagoak izango dira. Elur kota 1.300 metro inguruan kokatuko da; beraz, Aizkorrin elurra egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da kostaldean eta mendi inguruetan tarteka zakar joko du. Tenperatura maximoak gradu pare bat jaitsiko dira.

Bihar goizean goiz hodei ugari izango da eta Kantauri isurialdean zirimiria egingo du, ekialdean bereziki. Goizetik aurrera ostarteak zabalduko dira, ordea, barnealdean batez ere, eta gauean zeruan hodeiak eta ostarteak izango dira. Iparraldeko haizeak joko du. Tenperatura maximoak 2 edo 3 gradu igoko dira.

Lasterketaren datuak

Irteera eta helmuga. Zegama.

Eguna. Bihar, igandea

Irteera ordua. 09:00.

Distantzia. 42,195 kilometro.

Tarteko helmuga. Aizkorrin (22,58. km).

Gora-behera metatua.

5.472 metro.

-Igoera: 2.736 metro.

-Jaitsiera: 2.736 metro.

Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aitxuri).

Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).

Eremu teknikoa. %70 gutxi gorabehera.

Pasagune kontrolak. 11.

Jan-edan postuak. 14.

Klimatologia. Erdi-mailako mendikoa. Bero handia, eguzki errea, haize gogorra, lainoa edo euria egiteko aukera.

Zailtasuna. Oso handia.

Gehieneko denbora. 8 ordu.

Irabazlearen aurreikusitako denbora. 4 ordu.

Markak.

– Gizonezkoetan: 3:53:18 (Rob Jebb, 2005).

– Emakumezkoetan: 4:38:19 (Emanuela Bricio, 2009).

Sariak. 15.000 eurotik gora banatuko dituzte.

Sari banaketa. 14:00etan.

Antolakuntza. 250 laguneko lan-taldea.

Munduko Kopako egutegia

Euskal Herria. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Zegama. Bihar.

Frantzia. Chaberton Marathon. Montgenevre (Frantzia), abuztuak 1.

AEB. Pikes Peak Marathon. Colorado (AEB), abuztuak 22.

Italia. Sentiero delle Grigne SkyMarathon. Pasturo, Lecco (Italia). Irailak 19.

Malaysia. Mount Kinabalu International Climbathon (Malaysia). Urriak 24 eta 25.

Aurten 50 korrikalari gehiagok parte hartuko dute

Eskaera handia izan delako erabaki dute antolatzaileek «ahalegina egin» eta partaidetza kopurua igotzea.

Aurten iaz baino 50 korrikalari gehiagok parte hartu ahalko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Guztira 510 atleta dira dortsala eramango dutenak.

Edurne Albizu Zegamako alkateak jakitera eman duenez maratoia egiteko eskaera 1.656 lagunek egin zuten urte hasieran. Horietatik 1.539 gizonezkoak, eta 117 emakumezkoak. Izandako eskari handiarengatik erabaki dute «ahalegin berezia egitea» eta partaidetza kopurua igotzea.

Atzo egin zuten aurtengo probaren aurkezpena Donostian. Zegamako alkate Edurne Albizurekin, Ainhoa Txurruka antolatzailearekin eta Pako Iriondo Euskal Mendizale Federazioko ohorezko lehendakariarekin batera ziren mendi maratoia egingo duten hainbat kirolari: Eneko Allende Euskal Selekzioko kidea, Kilian Jornet Kataluniako kirolaria, Aitor Osa txirrindulari ohia, Aitor Lopez Rekarte futbolaria, eta Mikel Erentxun abeslaria. Korrilari horiez gain bihar Zegama-Aizkorri maratoian izango dira, besteak beste, Agustí Roc, Tofol Castañer, Jessed Hernandez, Raul Garcia Castan, David Lopez, Marco Zanchi, Fernando Etxegarai, Fulvio Dapit, Walter Becerra, Megan Kimmel, Estefanie Jimenez, Emanuela Brizio, Nerea Amilibia, Cecilia Mora, Nuria Dominguez, Monica Aguilera, Lola Peñarocha, Alizia Olazabal eta Goierriko hainbat korrikalari ere.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez Jokin Lizeagak, Ricardo Mejiak eta Ricky Lightfootek ezingo dute parte hartu, lesioengatik.

Iturria: www.goierrikohitza.info

Artxibo
Event Search