Web
Analytics
Juan Carlos García eta Loli Benítez nagusi Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketan - Lasterketak.eus Juan Carlos García eta Loli Benítez nagusi Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketan - Lasterketak.eus

Juan Carlos García eta Loli Benítez nagusi Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketan

AIARALDEA.COM. Eguraldi makurrari aurre eginez, 123 kirolari batu ziren atzo Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketaren I. edizioan. Gizonezkoetan Juan Carlos García Blázquez orozkoarra nagusitu zen, 47'24''ko denborarekin; emakumezkoetan, berriz, Loli Benítez bilbotarra sailkatu zen aurreneko lekuan.

 

Atzoko euriak eta hotzak ez zituen kirolariak  kikildu eta gehienek ez zuten hutsik egin Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketaren lehenengo edizioaren irteeran. Internet bidez egindako izen-ematean plaza guztiak bete ziren arren (150 ziren guztira), azkenean 123 kirolari abiatu ziren Elexaldeko plazatik goizeko hamaiketan, 6 gradurekin, 10 kilometro luze zituen ibilbideari ekiteko. Horren aurretik txikientzako eta gazteentzako krosak egin ziren plaza inguruan, eta ume eta gaztetxoak (eta guraso asko) ondo busti ziren euripean. Nagusien txanda heldu zenean, ostera, ateri zegoen eta hala eutsi zion ia-ia lasterkari guztiak helmuga zeharkatu zuten arte.

Lasterketa, espero zitekeen bezala, arin joan zen Zollo inguruko basabide eta bideetatik barrena, eta berehala hautsi zen aldats gora. Ez zen ustekabe askorako tarterik izan eta lehen sailkatuak berehala nabarmendu ziren lehen kilometro lokaztuek eta Ustarako aldats pikoak egindako hautaketari esker. Ustaratik aurrera errepidetik Zollo-Elexaldera heldu zen lasterketa, eta hortik 5 kilometroko jaitsiera baino ez zen falta helmugaraino, nahiz eta azkenaurreko kilometroan gorantzako koska batek korrikalarien zangoak ederto astindu zituen. Arrankudiagako plazara Orozkoko Juan Carlos García Blazquez bakarrik sartu zen, 47 minutu eta 24 segundotan. Haren ostean Asparrenako Jesús Martínez Urra heldu zen, ia minutu bat geroago 48'19''-ko denborarekin, eta hirugarren postuan Juan Antonio Gutiérrez bilbotarra helmugaratu zen  49'07''-ko denborarekin. Emakumezkoen kategoriari dagokionez, Bilboko Loli Benítezek egin zuen denborarik onena 57 minutu eta 4 segundotan bete baitzuen ibilbidea. Podiumean Maribel Santamaría bilbotarra eta Miren Bergara sestaoarra izan zituen lagun. Aritz Leturiagak eta Ixone Mendibilek ere saria jaso zuten, bertoko lehen sailkatuak izan ziren eta.

Antolatzaileentzat lehen edizio hau esperientzia polita izan da eta beharrean ibili direnak pozik agertu dira egindako lanaren emaitzarekin. Parte-hartzaileen artean ere iritzi onak ziren nagusi, bai ibilbideari dagokionez bai antolatzaileen lanari dagokionez ere.