Web
Analytics
Juanjo Bueno: “Herri korrikalariak gara antolatzaileak, eta partaideei begira egiten dugu dena” - Lasterketak.eus Juanjo Bueno: “Herri korrikalariak gara antolatzaileak, eta partaideei begira egiten dugu dena” - Lasterketak.eus

Juanjo Bueno: “Herri korrikalariak gara antolatzaileak, eta partaideei begira egiten dugu dena”

Donostiarrak Atletismo Taldearen eta EHUren Udaberriko Lasterketak lehen hamarraldia beteko du igandean

Udaberriko X. Lasterketa egongo da jokoan igandean, Donostiarrak Atletismo Taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusak egindako lanari esker. Lasterketaren berri zehatzagoak jakiteko, IRUTXULOKO HITZAk Donostiarrak taldeko Juanjo Buenorekin (Hernani, 1954) hitz egin du. «Egia esan, aurtengo lasterketa berezia izango da, lehen hamarraldia beteko baitu. Antolaketako kontu asko automatikoki egiten ditugu, esperientziagatik, baina beti egoten gara urduri, ezerk hutsik ez egin ez dezan. Herri korrikalariak gara antolatzaileak, eta partaideei begira egiten dugu dena». Izen emateari dagokionean, urtero bezala, azkar bete da. «Urtez urte partaide kopuruaren muga handitzen dugu, baina tentuz ibiltzen gara, guk kontrolatu ditzakegun zenbakietan mugitzeko. Hala ere, itxaron zerrenda bat izaten dugu, azken unean parte hartu ezin duten kideen hutsuneak betetzeko».

Urtero, 1 zenbakidun dortsal bana banatzen dizkiote kirolarekin lotura duten emakume eta gizon bati. Aurtengoak Anne Igartiburu kazetari bizkaitarrari eta Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohi donostiarrari zuzendu dizkiete. Lehengo ostiralean egindako aurkezpenean, ordea, Ruiz Cabestanyk bakarrik jaso zuen dortsala, Igartiburuk ezin izan baitzuen Donostian egon. «Kirolarekin eta elkartasunarekin lotura duten pertsonak lortzen saiatzen gara. Urteak generamatzan Cabestanyren atzetik, baina oso abenturazalea izanik, gure agendek ez zuten bat egiten, eta aurten hemendik zebilenez, baiezkoa eman zigun. Bestetik, Anne Igartiburu ere oso kirolzalea da, eta gure taldekidea den Pedro Miguel Etxenike fisikariaren bidez lortu genuen berarekin harremanetan jartzea. Esan zigun egun bakarrean izango zuela etortzea, eta lasterketaren egunean izango da Donostian. Gainera, biek lagundu izan dute Gobernuz Kanpoko hainbat erakunde». Bestetik, proiektu solidario bati 0 dortsala ematen diote antolatzaileek lasterketan parte hartzeko, eta aurtengoan, Gipuzkoako Mendebaldeko Saharako Errepublika Arabiarraren Lagunen Elkarteak jaso du. «Klubean proposamenak egin ziren zein erakunderi lagundu erabakitzeko, eta horixe aukeratu genuen. Lortutako diruarekin, Tindufen haurrentzako kirol eskola bat egiten lagunduko diegu; beraien heziketan laguntzea espero dugu».

Aldaketak ibilbidean
Lehen Manuel Lardizabal kalean egiten ziren irteera eta helmuga. «Bi arrazoirengatik aldatu dugu, eraikin artean babestua egonik oso toki erosoa zelako, baina aldi berean oso ezkutuan geratzen zelako. Bestetik, lehen moztu egiten genuen Tolosa hiribiderako bidea, lasterketak irauten zuen bitartean, eta helmuga Tolosa hiribidera aterata, autoentzako bidea uzten dugu».

Lasterketa

Zer. Donostiarrak Atletismo Taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udaberriko X. Lasterketa.
Noiz. Martxoak 18, igandea, 10:00etan.
Non. Irteera eta helmuga Tolosa hiribidean izango ditu.
Distantzia. 10 kilometro.

Iturria: http://irutxulo.hitza.info

Artxibo
Event Search