Kilian Jornet katalana eta Oihana Kortazar euskalduna izan dira azkarrenak, gaur jokatu den X. Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Jornet zen gizonezkoen proba irabazteko faborito nagusia, eta aurten ere, forma onean iritsi dela erakutsi du Salomon International taldeko korrikalariak. 3:57:38ko denbora behar izan du lasterketa bukatzeko; atzetik gertu izan du Tom Own taldekide britainiarra (40 segundoko aldearekin iritsi da helmugara). Jornet “gustora” agertu da probaren amaieran, batez ere, Owen “oso indartsu” zegoelako eta bien arteko lehia “gogorra” izan delako.
Emakumezkoetan, euskal selekzioko kide den Oihana Kortazarrek egin du denborarik onena. Lasterketaren hasieran aurkari guztiak atzean utzi eta bakarka egin du ibilbide osoa; 4 oru eta 42 minutu behar izan ditu proba bukatzeko. Lasterketaren erditik aurrera, Emanuela Brizio eta Corinne Favre, lehen sailkatuarekiko aldea jaten saiatu dira. Brizio, minutu erdiko aldearekin sartu da azkenean helmugan. Favre hirugarren sartu da helmugan, baina 3 minutuko penalizazioa izan du; hala, podiuma Maud Gobert frantziarrak osatu du.
Gainontzean, eguraldi eguzkitsua eta beroa izan dira lasterketaren ezaugarri nagusiak. Jendetza bildu da Aizkorriko malda eta harkaitzetan, eta ohikoa den moduan, korrikalariek ez dute zaleen animorik falta izan. Bestalde, Zegama-Aizkorri lasterketaren edizio guztietan parte hartu duten korrikalariei omenaldia ere egin diete gaur.
Iturria: http://goierrimendebaldea.hitza.info