Web
Analytics
Kirola eta ingurumena uztartuko ditu Zumaiako II. Flysch Trail mendi probak - Lasterketak.eus Kirola eta ingurumena uztartuko ditu Zumaiako II. Flysch Trail mendi probak - Lasterketak.eus

Kirola eta ingurumena uztartuko ditu Zumaiako II. Flysch Trail mendi probak

Guztia prest dute uztailaren 11n jokatuko duten probarako; izen handiko kirolariek hartuko dute parte

Kirola eta ingurmena uztartzea du helburutzat Zumaiako II. Flysch Trail Mendi Lasterketak. Datorren igandean izen handiko hainbat korrikalarik jokatuko duten probaren bitartez, beraz, kirol eskaintza zabaltzeko asmoa dute antolatzaileek, ingurumena errespetatuz.

Ildo horretatik, Biotopo Babestuak kalterik izan ez dezan ibilbidea moldatu egin dute. Horrekin batera, antolatzaileetako bat den Bosco Garitanoren hitzetan, Euskal Herrian ugaritzen ari den proba da mendi lasterketa, eta zumaiarrek joera horrekin bat egin dute. Bestalde, lasterketaren arlo turistikoa indartu nahi dute antolatzaileek: «Flyscharen aberastasun turistikoa eta geologikoa gizartean zabaltzea da helburuetariko bat». Arlo soziala ere zaindu dute. Hala, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea lagunduko dute. Iaz bezala, «izen-emateetatik eta laguntzetatik jasotako dirua elkarteari emango diogu», nabarmendu dute.

Herritarren parte-hartzea nabarmendu dute antolatzaileek; izan ere, 200 bat boluntariok egingo dute lan lasterketa egunean.

Izen handiko korrikalariak

Urtero legez, izen handiko korrikalariak lehiatuko dira mendi lasterketan. Horien artean izango da Raul Garcia Castan, iazko Europako txapelduna eta bost aldiz Espainiako probako irabazlea. Horrekin batera Espainiako txapeldun Blanca Serranok, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian bigarren postua eskuratu zuten Aitor Osak eta Nerea Amilibiak eta beterano mailako txapeldun ohi Eladio Lantadak jokatuko dute uztailaren 11ko proba.

Era berean, 250 kilometroko Ultra Trail lasterketako irabazle Salvador Calvo, 2010eko Sablesgo Maratoiko txapeldun Monica Aguilera eta Antonio Aurelio Olivar maratoien zirkuitu alpinoko egungo irabazlea izango dira aurrez aurreko lehian, besteak beste.

Sari bereziak aurten ere

09:45ean ohorezko Aurreskua egin eta Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirre mendizaleak omendu ostean, 10:00ak aldera ekingo diote lasterketari senior eta 23 urtez azpiko mailako kirolariek.

Sari bereziak banatuko dituzte aurten ere, Zumaia oinarritzat hartuta. Hala, helmugara iristen diren lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak Zumaiako Itzurun hondartzako hormaren irudia brontzean daraman garaikur bana jasoko dute. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen direnek, berriz, laserrarekin egindako eta herdoildu ezin den plaka eskuratuko dute.

23 urtez azpiko modalitateko lehen sailkatuei 13:00ak inguruan banatuko dizkiete garaikurrak; 13:15ean, berriz, seniorrek eta beteranoek jasoko dituzte sariak. Ekitaldiari amaiera emateko, Udalak babestutako antolatzaileek txalupa bidaia egingo dute flyscharen inguruan.

Aurrera begira, bide beretik

Aurrera begira, hainbat balore sustatzen jarraitzea espero dute antolatzaileek: kirolaren arteko anaitasuna, herritarren boluntariotza, eta Aspanogi eta gisa horretako elkarteak laguntzea, besteak beste. Era berean, Zumaiaren irudia hedatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolakuntzako kideek.

Iturria: www.urola-kostakohitza.info

Artxibo
Event Search