Ordizia, Beasain eta Lazkao zeharkatuz 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek.
Bihar izango da Josetxo Imazen oroimenezko X. herri krosa. Proba 11:00etan hasiko da 16 urtez gorakoentzat Ordiziako Altamira estadiotik. Ordizia, Beasain eta Lazkao lotuko dituzte, atzera abiapuntuan bukatzeko. Haurren lasterketa 10:00etan hasiko da.
Txindoki talde antolatzaileko Angel Perezek azaldu duenez ia urtero aldatzen da ibilbidea, baina aurtengoa iazkoaren berdina izango da: Ordiziatik, Lazkaotik eta Beasaindik barrena igaroko dira korrikalariak. Perezen esanetan «lasterketa honen helburua hiru udalerrietako udaletxeen paretik pasatzea da». Baina aurten ezingo du hala izan, Beasainen udaletxe pareko Kale Nagusia itxita baitago hirigintza lanak direla eta. Hala ere, ohiko legez 10 kilometro izango ditu ibilbideak, «laua eta erosoa».
Izena emateko bide bat baino gehiago daude. Internet bidez www.kirolprobak.com helbidean apunta daiteke. Internetez izena ematen dutenek ordainketa momentuan egin beharko dute, ezin da lasterketa egunean ordaindu.
Horrez gain, irailaren 14tik denda askotan dago izena emateko aukera: Ordizian Vicuña Sporten, Majori kiroldegian eta Ekinen; Beasainen Vicuña Sporten eta Antzizar kiroldegian. Lazkaon J.M. Barandiaran kiroldegian; Tolosan Aralar kirol dendan. Zumarragan Apalategi kirol dendan; eta Donostian Laister dendan, Apalategi kiroletan etaRobers dendan. Bestalde, bihar bertan ere izango da aukera 09:00etatik 10:00etara.
Oraingoz 900 bat pertsonak eman dute izena, erdira Internetez eta aipatutako dendetan. Gehienezko muga 1.200 parte-hartzailetan badago ere, Perezen ustez 1.000 lagunen bueltan aterako dira guztira bihar korrika.
Txip horia dutenek merkeago
Aurten, lehenengo aldiz, txip horiaren jabe direnek inskripzioa merkeago izango dute. Txip horiaren jabeek 1. Kirol Probak Txapelketa ligan puntuatu ahal izango dute.
Dortsalak aurrez erosiz gero 8 euro balio du txip horia dutenentzat, eta gainontzekoentzat 10 euroko kostua du. Egunean bertan, 12 euro txipa dutenei eta 15 euro ez dutenei.
Izena ematen duten guztiei elastiko bana oparituko diete. Horrez gain, lasterketa bukatzen dutenei opariz betetako korrikalariaren poltsa emango zaie. Eta horiez gain bidaia bat, zenbait jatetxetan jatorduak, argazki kamerak, kirola egiteko arropa, Idiazabal gaztak, Errioxako ardoa… zozkatuko dituzte. Behin lasterketa amaitutakoan parte-hartzaileek aldagelak erabili ahal izango dituzte.
Iturria: www.goierrikohitza.info