Web
Analytics
MARK KIPTOO ETA KIPLIMO KIMUTAI: «Azkoitia-Azpeitia probako onena gutako bat izatea espero dugu » - Lasterketak.eus MARK KIPTOO ETA KIPLIMO KIMUTAI: «Azkoitia-Azpeitia probako onena gutako bat izatea espero dugu » - Lasterketak.eus

MARK KIPTOO ETA KIPLIMO KIMUTAI: «Azkoitia-Azpeitia probako onena gutako bat izatea espero dugu »

MARK KIPTOO ETA KIPLIMO  KIMUTAIApaltasunez baina konfidantzaz, errekorrak haustera datoz Kiptoo eta Kimutai lasterkari keniarrak Azkoitia eta Azpeitia arteko XVII. Nazioarteko Maratoi Erdira

Mark Kiptoo (Lumino, Kenia, 1976) eta Kiplimo Kimutai (Maraquet, Kenia, 1981) korrikalariak dira larunbatean jokatuko den Azkoitia-Azpeitia XVII. Nazioarteko Maratoi Erdirako faboritoak. Estreinakoz hartuko dute parte Diego Garciaren oroimenezko proban, aurretik ez baitzuten lasterketa ezagutzen. Astelehenean iritsi ziren Keniatik eta oso gustura sentitzen dira Azpeitian. «Afrika urrun dago baina hemengoen gertutasunak ondo sentitzen laguntzen digu», azaldu du Kimutaik.

Lasterketa aurreko egunetan, zein da zuen eguneroko errutina?

Mark Kiptoo: Entrenatu egiten dugu goizetan, ordu eta 20 minutuz. Ondoren hotelera etorri, dutxa hartu, erlaxatu, bazkaldu eta arratsaldean inguruak ezagutzera joaten gara, paseatzera.

Maratoi erdiaren ibilbidea ezagutzeko aukerarik izan al duzue?

M.K.: Bai, antolatzaile batek erakutsi zigun atzo (asteartea). Lehendabizi Azpeitiko zatian izan ginen jogging egiten, eta arratsaldean Azkoitikoan izan ginen. Lasterka arinean egin dugu ibilbidea. Zirkuitu ona da, korrika ondo egitea espero dugu. Eguraldi ona izatea espero dugu eta denbora ona egiten saiatuko gara.

Zein izango da zuen arerio nagusia?

M.K.: Elkarrekin entrenatzen izan gara eta espero dugu gutako bat izatea lasterketako onena. Beste bi keniar datozte eta haiek ere arerio izango ditugu. Dena dela, guk geure onena ematen saiatu behar dugu.

Zein distantzietan zarete espezialistak?

M.K.: 21 kilometroetan neure denborarik onena egiten saiatuko naiz. Ni neu pistan espezialista naiz, eta pistatik maratoi erdirako progresioa egiten ari naiz azkenaldian. Erronka txikiak dira hauek niretzat, pistatik errepiderako bidean. Horretarako entrenatu naiz eta nire onena ematen saiatuko naiz. Nire lagunarentzat, Kimutairentzat, espero dut berak lasterketako errekorra haustea, bera baita distantzia honetako espezialista.

Umeekin entrenamendua egingo duzue bihar [gaur], Azkoitian. Zein asmo duzue?

M.K.: Niretzat ohore bat izango da gazteekin entrenatzea. Espero dut haiei zerbait transmititzea, beren karrerak bultzatzeko eta euren ametsak lortzen lagunduko dien nire baitako zerbait ematea. Boterea euren buruan dagoela esango diet. Ahal badut, eurek duten potentzialaz jabetzen lagunduko diet, atletismoan dituzten ametsak bete ditzaten.

Zeuek ere txikitatik hasi al zineten atletismoan?

M.K.: Ez, istorio desberdina da nirea. 28 urte nituela hasi nintzen lasterka. Berandu zen, baina nazioarteko mailan lehiatzen aritzen ziren lagunengan jarri nuen konfidantza osoa. Posible nuela esan zidaten, irabazi nezakeela; egunen batean nazioarteko probetan parte hartuko nuela esan zidaten… Uste nuen amets bat besterik ez zela, baina egun batean egi bihurtu zen.

Kiplimo Kimutai:Ni orain bost urte hasi nintzen. Baina umea nintzenean ikastetxea oso urrun zegoen, Afrikan hala izaten da, eta egunero 15 kilometro egiten nituen eskolara iristeko. Beraz, agian lasterka egiten nuen baina ez nekien.

Etorkizunerako zein helburu dituzue?

M.K.: Denbora onean lasterka egin nahi dut, bai maratoi erdian, baita 10.000 eta 5.000 probetan. Eta, ahal badut, 2012an Londreseko (Erresuma Batua) Olinpiar Jokoetan parte hartzen saiatuko naiz.

Iturria: www.urola-kostakohitza.info