Web
Analytics
Mila korrikalarik eman dute izena Zegama-Aizkorri maratoian irteteko - Lasterketak.eus Mila korrikalarik eman dute izena Zegama-Aizkorri maratoian irteteko - Lasterketak.eus

Mila korrikalarik eman dute izena Zegama-Aizkorri maratoian irteteko

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaMendi maratoia maiatzaren 24an egingo dute, eta aurten berriz ere Munduko Koparako puntuagarria izango da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea urtarrilaren 19an ireki zuten. Alberto Aierbe Zegama-Aizkorriko zuzendari teknikoak atzo jakitera eman zuenez jada mila lagun apuntatu dira. Hilaren 30era arteko epea dago aurreinskripzioa egiteko. «Oraindik epea ez da bukatu baina eskaera dagoeneko izugarria da. Urtetik urtera igotzen ari da gainera eta ez dakit noraino iritsiko garen», esan du Aierbek.

Mendi maratoia maiatzaren 24an egingo dute, eta aurten Munduko Koparako puntuagarria izango da. 2007an izan zen lehen aldiz Buff SkyRunner World Series lehiaketan, azken proba jokatzeko. Iaz Europako txapelketa hartu zuen Zegama-Aizkorrik eta aurten munduko kopako bigarren proba izango da. Zazpi lasterketak osatuko dute munduko zirkuitua. Apirilaren 18an hasiko da Costa Rican eta bigarren proba izango da Zegama-Aizkorri.

Izen-ematea webgunearen bidez egin behar da

Maratoian parte hartu nahi dutenek aurreinskripzioa www.zegama-aizkorri.com webgunearen bidez egin behar dute, bertan agertzen diren eskakizunak betez. Kirol probaren arduradunek jakitera eman dutenez telefonoz edo posta elektronikoz egindako eskaerak ez dituzte onartuko.

Mendi maratoian 400 kirolarik parte hartu ahal izango dute, ordea. 400 dortsaletatik 125 aurreko bi urteetako denborarik onenak egin dituzten atleten artean banatuko dituzte, neska zein mutilen artean, antolatzaileek «fideltasuna» ere saritzen dutelako. Proba guztiak zortzi orduren barruan bukatu dituzten korrikalarie zuzenean dortsala gordeko diete. Horiek 125 lehiakide izango dira.

Zozketan 175 dortsal sartuko dira, ohikoa den bezala. Zozketa otsailaren 20an egingo dute, 18:00etan Zegamako udaletxean. Hurrengo egunean webgunean agertuko da zozketan sartu direnen zerrenda osoa, bakoitzari egokitu zaion postuaren arabera sailkatuta.

Azkenik beste 100 dortsal antolakuntzak erreserbatuko ditu hainbat konpromisotarako.

Oraindik goiz izan arren, Aierbek baieztatu du Kilian Jornet iazko irabazleak, Ricardo Mejia mexikarrak eta Fluvio Dapit italiarrak parte hartzeko asmoa dutela. Emakumezkoetan Stephanie Jimenez bertan izango da. «Hona etortzeko asmoa agertu arren, gero ikusi egin beharko da data hurbiltzen doan adinean etorriko diren ala ez, tartean gauza asko gerta bailitezke, baina itxaropena badaukagu behintzat. Bestalde, kontuan izan behar da oraindik ere urtarrilean gaudela eta batez ere azken bi hilabetetan mugitzen dela jendea», dio Aierbek.

Ibilbidean ez da berrikuntzarik

Zegama-Aizkorri mendi maratoiko ibilbideari dagokionez Aierbek azaldu du ez dagoela inolako berrikuntzarik. Zegamatik irten eta lasterketa erdi-mailako mendietan izango da, Aratz eta Aizkorriko mendilerroan zehar. Euskal Autonomia Erkidegoko tontorrik garaienak igaroko dituzte kirolariek: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Otzaurte gainera iritsitakoan mendate horretatik aurrera bide eta bidexka ugaritatik barrena pasatuko dira. Ibilbide horretan zuhaizti ugari, haitz biziko malkarrak eta mendi larreak tartekatuko dira. Ibilbidea teknikoa da eta zailtasun handikoa.

Ibilbide alternatiboa ere prestatuta dute antolatzaileek, araudiak berak hala eskatzen baitu. Eguraldi oso txarra eginez gero Aratzeko gailurra eta Aizkorriko gailurreria guztia kendu egingo dituzte ibilbidetik, eta beste bide batzuetatik joan beharko dute korrikalariek maratoiko distantzia (42 kilometro) osatzeko. Andraitzeko azken igoera bere horretan mantenduko dute. «Ibilbide alternatiboak luzera berdina du eta desnibela ere antzekoa, 5.000 metroan pasatu egiten da».

MARATOIAREN INGURUKO DATUAK:

Irteera eta helmuga. Zegama.

Eguna. Maiatzak 24, igandea.

Irteera ordua. 09:00.

Distantzia. 42,195 kilometro.

Tarteko helmuga. Aizkorri (22,58. km).

Gora-behera metatua.

5.472 metro.

– Igoera: 2.736 metro.

-Jaitsiera: 2.736 metro.

Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aitxuri).

Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).

Eremu teknikoa ehunekotan. %50 gutxi gorabehera.

Pasagune kontrolak. 14.

Jan-edari postuak. 13.

Klimatologia. Erdi-mailako mendikoa. Bero handia, eguzki errea, haize gogorra, lainoa edo euria egiteko aukera.

Zailtasuna. Oso handia.

Antolakuntza. 250 laguneko lantaldea.

Markak.

– Gizonezkoetan: 3:54:18 (Rob Jebb, 2005).

– Emakumezkoetan: 4:43:04 (Angela Mudge, 2006).

Gehieneko denbora. 8 ordu.

Gehieneko parte-hartzaile kopurua. 400 kirolari.

Munduko Kopako egutegia

Costa Rica. Irazu SkyRace. Rancho Redondo. Apirilak 18.

Euskal Herria. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Goierri. Maiatzak 24.

Andorra. Vallnord SkyRace. La Massana. Ekainak 28.

Italia. Giir di Mont Sky Marathon. Premana, Lecco. Uztailak 26.

AEB. Pikes Peak Marathon. Colorado. Abuztuak 16.

Eskozia. The Ben Nevis Race. Fort William. Irailak 5.

Malaisia. Mount Kinabalu International Climbathon. Urriak 24 eta 25.

Iturria: GoierrikoHitza.info

Artxibo
Event Search