DIARIO VASCO. Urteko azken iganderako, abenduaren 30erako, sei kilometro eta erdiko lasterketa herrikoia antolatu du Herrirak herrian barrena. Doneztebe plazatik abiatu, Ergoiendik pasa, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo zeharkatu, eta berriro plazara igoko da lasterketa. «Helburua elkartasun pausoak ematea da, baina baita gutxienez 200 lasterkari lortzea ere. Izan ere, herriko presoak bisitatzera joateko hainbat kilometro egin behar dira astero. Denera, Oiartzungo presoak 1200 kilometrora daude, eta 200 lasterkari lortu nahi ditugu, pausoz pauso espetxeetara elkartasuna bidaltzeko» adierazi zuten antolatzaileek.
Hainbat herritar bildu ziren lasterketa hau antolatzeko eta helburua ez dute aurten soilik antola-tzea. «Hutsik dauden aulkiak bete arte antolatzeko asmoa dugu. Herri lasterketa denez, bakoitzak bere erritmoan ibilbidea egitera anima-tzen ditugu oiartzuar nahiz inguruetako herritarrak». Zenbait lekutan jarriko dute izena emateko aukera. Bertan kamisetaren neurria zehaztu beharko da, eta eskaera egin ahal izateko lehenbailehen izena ematea eskertuko dute, azken momentuan apuntatuz gero neurria hautatzeko aukerarik ez baita izango. Horretarako, 6 euro ordaindu behar dira eta horren trukean kamiseta bat eskuratuko dute. Kamisetarik nahi ez dutenek 2 euro ordaindu beharko dituzte.
«Haurren lasterketa goizeko 11:30ean izango da, helduena aldiz, 12:00etan. Lasterketa berria izanik ere, egoera horrek irauten duen bitartean lasterketa antolatzen jarraituko dugu urteko azkeneko igandean» azaldu zuten antolatzaileek.