Web
Analytics
Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora irabazle Karakateko Igoeran - Lasterketak.eus Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora irabazle Karakateko Igoeran - Lasterketak.eus

Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora irabazle Karakateko Igoeran

Gaur ezagutu du Karakate Oier Ariznabarreta durangarrak, alabaina, bidea ez ezagutu arren, Karakateko igoera irabazteko gai izan da, 30 minutu eta 11 segunduko denborarekin. Emakumezkoak bi baino ez dira izan, biak ala biak maila handikoak, ordea. Maite Maiorak 13 segunduko aldea atera dio tontorrean Nerea Amilibiari, eta, garaipenaz gainera, errekorra ere kendu dio mendaroarrak aiarrari: Maiorak bost segundoan hobetu du Amilibiak iaz ezarritako marka.

Klik haundi ikusteko
Eguraldi onaren babesean jendetza handia batu da Karakateko gailurrean, eta baita irteera gunean, Plaza Handian ere. Parte hartzaileak hara eta hona zebiltzan beroketa ariketak egiten eta ikusmin handia zegoen. Iazko parte hartze marka -58 lagun- gainditu du aurtengoak, 60 lagun izan baitira irteeran. Horien artean hogei ziren elgoibartarrak eta lau mendaroarrak. Gainontzekoak Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak: Uharte Arakil, Bilbo, Markina, Zarautz, Getaria, Aulesti, Deba, Soraluze, Bergara, Aramaio, Lazkao, Azpeitia, e.a.
•Ailegaera nahasia
Parte hartzaileen ailegaera beste urte batzutan baino nahasiagoa izan da. Tontorretik gertu jauzitako zuhaitz batzuen eraginez, bide ezberdinak aukeratu dituzte parte hartzaileek eta halaxe ailegatu dira antena pareraino ere. Josu Arregi garo artetik irteten ikusi dutenean bera izango zela aurtengo irabazlea pentsatu dute askok, baina gailurrean bildutako ikusle ia denak ezustean harrapatu ditu Soraluze aldetik agertu den Oier Ariznabarreta durangarrak. Honek, 14 segunduko aldea atera dio goian Arregiri. Arregiren oinatsak jarraituz bidea egin duen Iñigo Lariz izan da proba amaitu duen lehen elgoibartarra. Hirugarren postuan ailegatu da, Plazatik atera eta 31 minutu justura. Hortaz, 2008ko eta 2007ko irabazleak; Josu Arregi eta Iñigo Lariz sailkatu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Larizen atzetik, berriz, triatloietan aritu ohi den Igon Manzisidor debarra sailkatu da, 31:16 denborarekin. Mendaroko Iñigo Lazkano, San Pedroko txirrindulari igoerako azken irabazlea, sailkatu da bostgarren postuan.
•Errekorra eta garaipena Maiorarentzat
 Emakumezkoei dagokienez, Behobia-Donostia proban erakutsitako sasoi puntua –6. postuan sailkatu zen– baliatu du Maite Maiorak Karakateko Igoerara konfidantzaz etortzeko. Bere buruaz gainera, arerio bakarra baina gogorra zuen oso: Nerea Amilibia. Mendi lasterketetan zaildutako atleta baita aiarra. Iaz etorri zen estrainekoz Karakateko Igoerara, eta garaipena lortzeaz bat probaren errekor berria (35:48) ezarri zuen Amilibiak. Maiorak ere ez du gutxiago izan nahi izan, eta berak ere garaipena eta errekorra (35:43) ezarri ditu bere estreinako parte hartzean. “Egin dudana da egin nezakeen guztia, ez dago gehiago, ez dut-eta ezer gorde. Karakate oso gogorra da“, adierazi du proba amaitu berritan, gustura baina nekeak ahituta. (astelehenean jarriko dugu adierazpenok eta beste hainbat une batzen dituen bideoa)
 
•Aurpegi onenaren saria eta edadetuenari errekonozimendua

Klik haundi ikusteko

Pako Iriondo eta Jose Maria Alberdi (esk.)
Antolatzaileek, Morkaiko Mendizale Elkarteak, iaz hasitako ekimenak jarraipena izan du aurten ere eta igoerako azken metroak aurpegirik onenarekin egin dituen parte hartzaileak gazta bat jaso du sari gisa. Haritz Arrieta elgoibartarrari eman diote aurpegi onenaren saria. Bestalde, azken urteetan hutsik egin ez duen Jose Maria Alberdi azkoitiarrak ere jaso du gazta bat, 79 urte beteta edukita parte hartzeko egiten duen ahaleginagatik errekonozimendu moduan. Semearekin batera egiten du igoera Alberdik, baina gaur ez zeuden erabat gustura, bidean galdu eta uste zutena baino dezente denbora gehiago behar izan dute eta.
Iturria: www.elgoibarrren.net
Artxibo
Event Search