Web
Analytics
Parte hartze zabala izango du Sorginen Lasterketak - Lasterketak.eus Parte hartze zabala izango du Sorginen Lasterketak - Lasterketak.eus

Parte hartze zabala izango du Sorginen Lasterketak

Oraingoz 210 lagunek eman dute izena domekan hirugarren aldia egingo duen Sorginen Lasterketarako.

Beste behin Atxondoko Sorginen Lasterketa arrakastatsua izango da parte hartzeari dagokionez. Korrikalariak, besteak beste, Urkiolako Parke Naturaletik daramatzan lasterketak apurka nortasun propioa garatu du eta askok agendan markaturik izaten duten hitzordua da. Oraingoz, 210 lagunek izena eman dute www.calle-9.com webgunean eta oraindik irailaren 9ra arteko epea dago.

25 kilometroko lasterketa domekan, 10:00etan, hasiko da Axpeko San Juan plazan. Pol-Pol eta Zabalaunditik gora, Aramaionako bidegurutzera helduko dira hamargarren kilometroan. Handik Arrazolako Topera jaitsiko dira. Ibilbide bietatik laburrena aukeratu dutenek (15 kilometrokoa) hortxe izango dute helmuga. Gainerakoak Betsaidera igo eta handik Pagaskortara eta San Rokera joango dira, Axpen helmugaratu aurretik.

Bi aldapa gogor

Lasterketak 1.300 metroko desnibel positiboa du eta azpimarratzeko moduko igoera bi ditu. Lasterketa hasi eta segituan Axpetik Larranora igoko dira korrikalariak (260 metrotik 977 metrora, 4,5 kilometrotan). Bigarren igoera gogorra Topetik Betsaiderakoa da: 255 metrotik 545 metroko altuerara, 2,5 kilometroan.

Irabazleek 250 euro jasoko dituzte gizonetan zein emakumeetan. Bigarrenek 125 euro eta hirugarrenek 75 euro irabaziko dituzte. Beste bost sari banatuko dituzte 40 urtetik gorakoen hainbat mailatan eta lehenengo atxondarrak ere garaikurra jasoko du.

Iaz Aitor Osak irabazi zuen lasterketa gizonetan 1.58.16-ko denboragaz. Walter Becerrak (2.03.20) eta Felicisimo Solanak (2.08.20) osatu zuten podiuma. Emakumeetan Maitane Txueka nagusitu zen (2.38.20), Loli Benitez eta Maribel Santamariaren aurretik. Aurten Nerea Amilibiak parte hartuko du eta bera da emakumeetan irabazteko faborito.

Iturria: www.anboto.org

Artxibo
Event Search