Krosa 2005ean Garinek jarritako errekorra ezin izan dute hobetu. Beasaindar azkarrenak Etxeberria eta Calvillo izan dira.
Herri lasteketa da Usurberako igoera, bost kilometro eskasean 446metroko desnibela duen lasterketa. Korrikalarien artean sortzen den giroak, ordea, maldarik gogorrenak ere arindu egiten ditu, eta hala, urterik urte, gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Igandean egin zen seigarren Usurberako Igoeran 57 korrikalari iritsi ziren Agortako festa guneko helmugara. Gero eta korrikalari gehiagok parte hartzen badute ere, oraindik inork ez du 2005ean Joan Mari Garinek jarritako errekorra hobetu. 21:24ko denbora eginez osatu zuen ibilbidea orduan Garinek.
Oier Ariznabarreta durangarra izan zen gizonezkoetan azkarrena igandean. 21 minutu eta 51 segundo behar izan zituen bizkaitarrak Andre Mari Zeruratuaren eliza paretik Agortara iristeko. Ia bost minutu geroago iritsi zen lehen emakumezkoa, Aiako (Gipuzkoa) Nerea Amilibia.
Imanol Etxeberria izan zen helmugara iritsi zen lehen gizonezko herritarra, eta Elena Calvillo lehen emakumezkoa. Amilia eta Calvillo izan dira aurten Usurbeko igoeran parte hartu duten emakumezko bakarrak. Kroseko parte-hartzaile guztien sailkapena www.lasterketak.com eta www.herrikrossa.com webguneetan kontsulta daiteke.
Iturria: www.goierrikohitza.info