Web
Analytics
Txindoki Bertikala korrika proba igandean jokatuko da, Larraiztik gora erlojupean - Lasterketak.eus Txindoki Bertikala korrika proba igandean jokatuko da, Larraiztik gora erlojupean - Lasterketak.eus

Txindoki Bertikala korrika proba igandean jokatuko da, Larraiztik gora erlojupean

Txindoki Bertikala goranzko mendi lasterketa laburraren bigarren aldia etzi, igandea, jokatuko da. Larraizko langatik Txindoki gailurrera da ibilbidea, gorantz beti. Distantziaz kilometro gutxikoa izan arren (3.878 metro luzean), 931 metroko desnibela gainditu beharko dute lasterkariek. Altuera tarte horregatik, kilometro bertikala ere deitu izan zaio.

Ehunka korrikalari bilduko ditu bigarren probak ere, asko eta asko goierritarrak. Iaz lehenbiziko aldiz antolatu zuten Abaltzisketan, eta 161 atleta joan ziren. Didier Zagok irabazi zuen gizonezkoetan (34:33 minutu), eta Nerea Amilibiak emakumezkoetan (42:37).

Irteera mailakatua
Erlojupeko erako lasterketa da Txindoki Bertikala. 10:00etan abiatuko da lehenengo korrikalaria, Larraizko langatik. Aurreneko partaideak minutu erdiro irtengo dira; «onenei» minutuko tartearekin emango diete irteera.

Lehenbiziko hiruna gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak (300, 200 eta 100 euro), baita beteranoek ere (100). Iaz jarritako denbora marka ontzen duenak (bai gizonetan, bai nesketan), 150 euroko gainsaria du.

Aurten ere igoera bertikalen Euskal Koparako baliagarria da Txindokiko igoera; aurreneko proba da, hain zuzen ere.
Hiru lasterketak osatuko dute Euskal Kopa: Txindokikoa (etzi), Azpeitia-Xoxoteko Zuzenien proba (uztailak 3), eta Uharte-Arakildik Beriainerakoa (irailak 18). Bestetik, bertikalen Euskal Txapelketa ere bada aurten, banaka nahiz taldeka. Anbotoko Kilometro Bertikala izango da Euskal Herriko txapelaren epaile.

Datuak
Txindokiko II. igoera

Eguna. Igandea, ekainak 19.
Hasiera ordua. 10:00ak.
Irteera. Lehenengoak minutu erdiro, “onenak” minuturo.
Bidea. Larraizko langatik (415m) Txindokira (1.346).
Distantziak. Luzean 3.878 metro, desnibela 931 metro.
Denbora markak. Gizonetan 34:33 (Didier Zago), emakumetan 42:37 (Nerea Amilibia).

Iturria: http://goierriekialdea.hitza.info – Aimar Maiz

 

Artxibo
Event Search