GOIERRIKO HITZA. Urte zaharrean egindakoak atzean utzi eta berriaren bila joango balira bezala abiatuko dira datorren asteartean ehunka eta ehunka korrikalari goierritar San Silbestre probetan. Urteko azken jatordu oparo eta parranda luzea egin aurretik, askok korrika egiteko ohitura hartua dute. Hala, dagoeneko, Goierriko sei herritan antolatzen dituzte abenduaren 31n San Silbestre lasterketak.
Bakoitzak badu gainera bere berezitasuna; Beasaingoa oso ezaguna da Goierritik kanpo ere, Ordiziakoa iluntzean egiten da, Zegamakoak, egiten iaz hasi baziren ere, jendetza inguratu zuen, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoirako hiru dortsal zozkatzen dituztelako batez ere, eta hor daude Zaldibia, Lazkao eta Legorretakoak ere, beren txikitasunean handi, herrikoi eta goxo. Beraz, korrika egitea gustuko dutenek, ez dute aukera faltarik izango, urtea korrika amaitzeko.
BEASAIN
Ezagunetan ezagunena izango da San Silbestre eguneko Beasaingo proba. Aurten 40. urteurrena beteko du, gainera. Beti-Bizi elkartekoek antolatzen duten lasterketa herrikoia bada ere, inguruko herrietako zein Espainiako hainbat txokotako korrikalari ezagunek parte hartzen dute bertan.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da Beasaingo XL. San Silbestre krosa Gernika pasealekutik abiatuta. Lasterketan parte hartzeko txipa jarriko dute aurten ere, eta txip hori, lehen aldiz, ordaindu egin beharko da, 5 euro. Beti-Bizi elkartekoek azaldu dutenez «txip asko ez zituzten itzultzen», eta horregatik hartu dute erabakia. «Halere, salneurri minimoa da».
Izen-ematea Intertetez soilik egin ahal izango da www.kirolprobak.com edo www.beasain.net orrialdeetan. Partehartzaileen txipak eta dortsalak meta inguruan jaso beharko dira, 10:00etatik 11:30era bitartean. 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta 9 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.
Lasterketa nagusia hasi aurretik, ordea, etxeko gaztetxoenak hasiko dira korrika. Batzokiak antolatzen dituen haurrentzako lasterketak 10:30ean hasiko dira eta adinka, lau taldetan banatuta, parte hartuko dute.
Haurrentzako lasterketan izen ematea euro bat kostako da, eta jasotako dirua Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko taldearentzat izango da.
Haurren lasterketak amaitu eta sariak banatu ostean, 11:30ean opari banaketa eta hamaiketakoa egingo dituzte Iturralde plazan.
ORDIZIA
Ordizian XXXVII. San Silbestre krosa eta era berean Jose Caballero zenaren XI. memoriala ere badena antolatuko dute Goiz Aterpe Elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak. 17:00etan hasiko dira gaztetxoen probak eta 18:30ean helduenak (14 urtetik gorakoentzat).
Aitor Madrazo Goiz Aterpeko antolatzailearen hitzetan, «Euskal Herrian azken lasterketetakoa izaten da ordutegiari dagokionez, beranduen egiten denetako bat. Gainera, parte hartzeagatik ez da ordaindu behar izaten; inskripzioa doakoa da. Udaletxea arduratzen da gastuez; urtero pin bat egiten da, garaikurrak…»
Helduek 6 kilometro pasatxoko ibilbidea egin beharko dute, herrian zehar osatutako zirkuituan. Proba herrikoia izaten da eta parte hartzeko ez da ordaindu beharrik izaten. 600 heldutik gora parte hartzen dute eta haurrak 200 inguru izaten dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «Ordiziako lasterketan egiten diren denborek eta markek ez dute garrantziarik; hemen ez da txipik erabiltzen». Aurrez izena emateko aukera dago kirolprobak.com atarian. Antolatzaileek azaldu dutenez, «egunean bertan etortzen dira gehienak izena ematera eta ez dago inongo arazorik parte hartzeko. Hala ere, izena aurrez jende gehiagok emango balu, guretzat errazagoa izango litzateke», zehaztu dute.
LAZKAO
Bigarren aldiz antolatu dute aurten Lazkaoko San Silbestre lasterketa. Haurrek egingo duten San SIlbestre Txikia proba eguerdiko 12:30ean hasiko da eta 350, 700 eta 1.000 metroko ibilbidea egin beharko dute haurrek, adinka banatuta.
Helduen proba eguerdiko 13:15ean hasiko da eta partehartzaileek bost kilometroko distantzia egin beharko dute korrika.
Lazkao Xtreme taldeak antolatzen du lasterketa hau eta izena borondatearen truke eman ahal izango da Joxemiel Barandiaran udal kiroldegian aurrez, eta egunean bertan ere izena emateko aukera izango da.
ZALDIBIA
Zaldibiako Gazte Asanbladakoek ere antolatu dute krosa, urteari amaiera emateko; helduentzat eta umeentzat hemen ere. Umeen krosa 16:30ean hasiko da plazatik eta 17:00etan helduena.
Zaldibiako gazteek herritarrentzat antolatu duten proba hau erreleboka egingo dute, bakoitzak ibilbideari bira bakarra emanaz. Izena Joxepane tabernan eman beharko da.
LEGORRETA
Legorretako XXII. San Silbestre proba haurrek hasiko dute 10:00etan plazatik (adinka banatuta egingo dute korrika), eta helduen lasterketa 12:00etan hasiko da. Herriaren inguruan izango dira bi probak eta helduek zazpi buelta egin beharko dituzte, 3.375 metro osatuz.
Bilkoin elkartekoak arduratzen dira lasterketa antolatzeaz eta «herriko gazteak kirol pixka bat egitera animatzeko eta herrian anbiente pixka bat jartzeko» egiten dutela azaldu dute. Joan den urtean 174 helduk eta 74 haurrek parte hartu zuten. Lasterketa amaitutakoan hamaiketakoa eta sari herrikoiak banatzen dituzte.
ZEGAMA
Zegaman ere lasterketa antolatzen dute urteari amaiera emateko. Iaz egin zuten lehenengoz, Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatuta. Aurten 17:30ean emango diote hasiera lasterketari. Korrikalariek 5,25 kilometro osatu beharko dituzte, Zegamako kaleetan. Gaur da Internet bidez izena emateko azken eguna, kirolprobak.com web orrian. Aurrez izena ematen dutenek 5 euro ordainduko dituzte eta egunean bertan izena ematen dutenek 10 euro. 2000. urtea baino lehen jaiotako 300 lagunek parte har dezakete, asko jota.
Korrikalariek kiroldegiko dutxak erabili ahal izango dituzte. Sariei dagokienez, bai emakumezkoen eta bai gizonezkoen artean, lehen hirurak sarituko dituzte: lehenak 60 euro jasoko ditu, bigarrenak 40 eta hirugarrenak 20. Gainera, seiei oroigarriak emango dizkiete.
Bestalde, frogako errekorra hausten duenak 100 euro jasoko ditu.Herriko lehenengoentzat, helmugara iristen diren azkenentzat eta mozorro onena daramanarentzat ere sariak egongo dira.
Gainera, iaz bezala, parte hartzaileen artean opariak zozkatuko dituzte eta, kanpotik etortzen direnen artean, Zegama-Aizkorri maratoiko hiru dortsal ere bai. Irabazleek dortsala beste korrikalari bati eman diezaiokete, baina egunean bertan esan behar dute nori emango dioten.
Xabier Morillo txirrindulari elkarteko kideak «maratoirako dortsala lortzeko aukerak iaz korrikalari asko erakarri» zituela esan du. Iaz 250 lagunek parte hartu zuten eta aurten 300era igo dute kopurua. Dagoeneko ia 200ek eman dute izena.
Haurrek ere parte hartzeko aukera dute. 2 eta 8 urte artekoentzat 250 metroko ibilbidea prestatu dute (pilotalekutik udaletxera) eta 8 eta 14 urte artekoek herriari buelta emango diote (500 metro). Haurrek ez dute ordaindu behar izena emateagatik eta guztiei dominak emango dizkiete.
http://goierri.hitza.info/2013/12/27/urte-berrira-saltoa-korrika/