Web
Analytics
XVII. maratoi erdia, eliteko lasterketa herrikoia - Lasterketak.eus XVII. maratoi erdia, eliteko lasterketa herrikoia - Lasterketak.eus

XVII. maratoi erdia, eliteko lasterketa herrikoia

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak hamazazpi urte bete ditu aurten, eta GipuzkoTxapelketa jokatzea erabaki du Federazioak

Martxoaren 27an jokatuko dute Diego Garciaren oroimenezko lasterketa; Rocio Rios omenduko dute aurten

Errekorrak hausteko asmoa dute aurten Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren antolatzaileek. Diego Garciaren oroimenezko lasterketak 17 urte beteko ditu; hori hala, inoizko parte-hartze handiena eta lasterketa azkarrena izango dela aurreikusten du XeYe Atletismo Taldeak. Eta helburu horiek lortzeko lanean buru belarri dabiltza antolatzaileak, babesleen laguntzarekin.

Martxoaren 27an jokatuko dute maratoi erdia, larunbatez. Dagoeneko 700 kirolarik eman dute proban parte hartzeko izena. Iaz izan zen probarik jendetsuena, 1.283 parte-hartzailerekin, eta aurten ere parte-hartzaile kopuruari dagokionean muga jarrita dute: 1.600 dortsal.

Urtero moduan, eliteko lasterketa eta izaera herrikoia uztartzen ahalegindu dira antolatzaileak. Horretarako, maila handiko lasterkariak ekarriko dituzte lehiatzera, eta bestetik, zaletuen artean sari ugari banatuko dituzte eta lasterketaren erritmoa finkatuko duten hainbat erbi jarriko dituzte haiei laguntzeko.

Gainera, Azkoitia eta Azpeitia arteko lasterketa honetan Gipuzkoako Txapelketa jokatzea erabaki du aurten Gipuzkoako Federazioak. “Oso proba garrantzitsua da, antolaketa izugarria da eta atletismoari garrantzi handia ematen diote”, adierazi du Federazioko ordezkari Mikel Odriozolak.
Lehia eta elkartasuna

Azkoitiko irteeran izango diren lasterkari profesionalen artean, Kiplimo Kimutai, Mark Kiptoo, Stephen Kibet Kogsei eta James Miben keniarrak, Fernando Rey, Ignacio Caceres, Pedro Santos eta Asier Cuevas espainiarrak daude. Emakumezkoei dagokionez, Hellen Kimutai keniarrak, Fatima Ayachi marokoarrak, Dolores eta Teresa Pulido ahizpak, Ana Casares nafarrak eta Esther Hidalgo espainiarrak parte hartuko dute.

Proban hainbat urtetan parte hartu duen Rocio Rios leondarra (Espainia) omenduko dute XVII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian. Bestalde, eta urteroko usadioari jarraituz, 1 zenbakidun dortsala emango diote Diego Garciaren familiari eta haren oroimenez minutu bateko isilunea gordeko dute irteeran, 16:15ean.

Elkartasun proiektu bat bultzatutzeko erabiliko dute proba. Izan ere, Etiopian (Afrika) umezurtzekin lanean diharduen Etiopia Utopia Fundazioari kirol materiala emango diote antolatzaileek, eta 0 dortsala emango diote Javier Colomori, egitasmoaren sustatzaileetako bati. Diego Garciaren familiak haren kirol oinetakoak emango dizkio fundazioari.
Lasterketa eguneko zerbitzuak

Parte-hartzaileek Azpeitia-Azkoitia ibilbidea egingo duten autobusak erabiltzeko aukera izango dute, 15:00etatik 15:45era. Sanjuandegiko Txiki-Txoko ludotekak haurtzaindegi zerbitzua emango du, 3 eta 8 urte arteko umeentzat. Kirolariek igerilekuko aldagelak erabili ahalko dituzte.

DATUAK

Eguna. Martxoak 27, larunbata.

Ordua. 16:30ean.

Ibilbidea. 21 kilometro 97 metro.

Irteera eta helmuga. Azkoitiko Julio Urkijo Etorbidetik (Lidl paretik), Loiolako Hiribideraino (Loiola Hotelaren pareraino).

Izen-ematea. Dendatan eginez gero, martxoaren 22a arte: 20 euro. Eskualdean, Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendan; Azpeitiko Aradi eta Aitzaki kirol dendetan, eta Zarauzko Nere Sport dendan eman daiteke izena. Internet bidez (www.sarralle.com/media-maraton), martxoaren 25eko gaua arte: 17 euro. Lasterketa egunean ezingo da izena eman. Dortsalak 12:00etatik aurrera banatuko dira.

SARIAK

Probako errekorrari. 1.500 euro gizonezkoen eta emakumezkoen errekorra lortzen dutenei.

Euskal Herriko atletak. Denboren arabera (5 aukera), 100 eta 700 euro arteko sariak.

Estatuko atletak. Denboren arabera, (3 aukera), 300 eta 600 euro arteko sariak

Iturria: www.uztarria.com

Artxibo
Event Search