Web
Analytics
Zegama-Aizkorri mendi maratoia: Oilo ipurdia jarrita korrika, kronika barrutik - Lasterketak.eus Zegama-Aizkorri mendi maratoia: Oilo ipurdia jarrita korrika, kronika barrutik - Lasterketak.eus

Zegama-Aizkorri mendi maratoia: Oilo ipurdia jarrita korrika, kronika barrutik

BERRIA. Munduko mendi lasterkari onenek ez ezik, ehunka korrikalari ezezagunek ere parte hartzen dute Zegama-Aizkorri mendi maratoian. BERRIAko kazetari batek barrutik egindako kronika da ondorengoa.

Jakes Goikoetxea. Hankak goitik behera minberatuta. Izterrak harri bihurtzear. Ahoa lehorra. Garondoa eguzkiak erreta. Aurpegia izerdiaren gatzak lehortuta. Oinetakoak lokatzak estalita. Tripa hutsa eta gelek eta barra energetikoek nahastuta, ganorazko janari eske. Aspaldiko partez eguzkiak berotutako Zegamako plazako harlauzetan etzateko tentazioa. Zegama Aizkorri mendi maratoia amaitu orduko argazkia da. Eta, hala ere, pozez gainezka. Sei ordu eskasean bizitako neke eta emozio nahasketa gogora ekarri, ulertu eta ordenatu nahian. Jendearen beroak sufrimendu eta min guztiak arinduta. Beteta. Hunkituta. Etxekoak gogoan. Begiak bustitzear.

Mendi martxetan eta asteburuetako saio bakartietan zaildutako hankek, gorputzak eta buruak azken orduko erronka berria zuten: Zegama Aizkorri mendi maratoia. Mendiko lasterketen Paris Roubaix, New Yorkeko maratoia edo Kontxako estropada. Ametsa ia. Erabateko ikuspegi aldaketa: ia urtero Kilian Jornet, Oihana Kortazar eta gainerako korrikalariak Aizkorrin eta Urbian animatzetik, zenbakia bularrean jarrita parte hartzera.

Bezperako gaua laburra izan da, baina luze jo du. Sofan lo egitea aukera ona izan da, Peru semearen aieneek ez nekarazteko, baina urduritasunak eta kuadrillakoen gauerdiko whatsapp saioak loaldiak eten dituzte. Gorputza bere kasa esnatu da, prestatutako bi iratzargailuen premiarik gabe. Bi iratzargailu, marka bailitzateke behin Zegama Aizkorrin parte hartzea lortzea eta lo geratzea.

Hotz egiten du Zegaman, baina zerua garbi dago eta berotu egingo duela dirudi. Dortsala eta txipa jaso eta gero, azken prestaketak egin behar dira: konpresio galtzerdiak eta galtzak jantzi, zira gerri bueltan ondo estutu, txipa kirol oinetakoetan tinko lotu eta oinetakoetako korapiloak estutu.

Irteeran korrikalariak biltzen hasi dira. Aurpegi zorrotz asko daude. Gorputz iharrak dira gehienak, leka-makilak. Korrikaldi motzak, nola hankak eta gorputza berotzeko, hala urduritasuna uxatzeko.

Bost minutu falta dira. Aurrena aurreskua, gero musika epikoa eta ondoren isiltasuna. Zegamako elizako kanpaiak, bederatziak iragartzen. Atzera kontua. Abiatu da Zegama Aizkorri.

Herrian buelta bat eman, tropela luzatu eta lehen malda hasi da. Malda pikoa. Oinez. Asko falta da erakustaldiak ematen hasteko. Gora eta behera etengabea da. Malda batzuetan banan-banan joan behar da. Begirada lurrean, ipurdi eta hanka batzuk ezagun bihurtzen dira. Isiltasuna. Arnas estuak baino ez. Eta puzkerren bat edo beste. Soinu itsusia dute. Usain okerragoa.

Lehen jende betekada Otzaurten, lokatzezko eta belarrezko txirrista arriskutsu batetik jaitsi eta gero. Mendian bakarrik ibili ohi denarentzat sentsazio berria eta zirraragarria da oilo ipurdiak jarrita korrika egitea, txalo eta animo artean.

Aratz urrutitik ikusten da. Asko falta da. Beno, batzuentzat ez. Jornet, Hernando eta enparauak iritsi dira dagoeneko, haientzako animo oihuak entzuten baitira.

Aratz, psikologikoki gogorra

Aratzera igoera luzea da. Fisikoki baino, psikologikoki gogorragoa. Lasterketaren aurretik han egindako entrenamenduek erakutsitako lezioa da. Pazientzia. Erritmoa egokitu eta eutsi. Ez itsutu. Hankak gozo-gozo doaz orbel gainean, orain gora, gero behera. Paraje ederra da. Gozatzeko modukoa. Burua lanean ari da: falta dena errepasatzen, gorputzari zer moduz dagoen galdetzen… eta astearteko kronikarako ideiak pilatzen. Bai, hori ere bai.

Basoa amaituta, harkaitza iritsi da. Lehorra dago. Duela astebete elurtuta zegoen, eta oinetakoek irrist egiten zuten, bai gora, bai behera. Eguzkia berotzen ari da eta eskerrak ikusle batzuek ur freskoa eskaintzen duten.

Aratzeko gailurra, eguneko lehen erreferentzia nagusia. Arnasa sakon hartu, sakon bota, eta behera. Beherakoan, baztertu eta pixa egin beharra dago. Pixa hori-horia. Gehiago edan behar da. Gihar bikiak nekatzen hasi dira, baina jaitsierak mesede egingo die; kalte, ordea, izterrei.

Jaitsiera azkarra da. Lokaztuta dago, baina duela astebete baino gutxiago. Erromatar harbidetik jauzika berehala iritsi da San Adriango tunela. Une berezia da. Mistikoa ia, baina oso laburra.

Eguneko bigarren jende betekada, Sancti Spirituko anoa postuan. Oihuak. Sancti Spiritun Done PowerWar gel energetikoa da santurik gurtuena. Beharko, Aizkorriko igoerari eta gailurreriari aurre egiteko. Bi edari daude aukeran: edari isotonikoa eta izoztar, anoa postuetako ur izoztua.

Aizkorriko igoeran korrikalaria airean doa, belarretan aurrena, harkaitz higatu eta borobilduetan gero. Azken metroek Tourreko etapa bat dirudite. Oihuak, zintzarri soinua… Alde ederra dago ikusle izatetik korrikalari izatera.

Hankak gero eta nekatuago daude, muskulu abduktoreak batez ere. Eta Aizkorritik Aitxurirako bidea aproposa da abduktoreak eta gainerako giharrak gehiago zigortzeko, urrats trakets ugari eman behar baitira, gailurreriko harkaitz zorrotzen artean. Mina gero eta handiagoa da, eta ez dauka joateko asmorik. Une batean, une batean bakarrik, lasterketa utzi behar izatearen mamua pasa da burutik. Utikan.

Aitxuritik Arbelarrerako bidea da lasterketako lekurik arriskutsuenetakoa. Jaitsi beharreko belarrezko horma. Ez dago lokaztuta, baina badaezpada hobe da ertzetatik joatea.

Aitxuri jaitsita, korrika egiteko garaia iritsi da. Zenbait korrikalarik diote orduan hasten dela benetako Zegama Aizkorri, ordutik aurrerakoan denbora asko irabazi edo galdu daitekeelako. Korrika egiteko indarra behar da eta hankak justu antzera doaz. Tarteka gihar bikiek gora egin nahi dute, baina konpresio galtzerdiek ez diete uzten.

Oltzeko anoa postuan estimatuena ez da ez janaria, ez Done PowerBar. Korrikalariek beste produktu bat santutu dute: Done Reflex. Ilara sortu da izterretan-eta esprai dosia jasotzeko. Ordurako Kilian Jornetek irabazi du gizonen lasterketa, Luis Alberto Hernandori hamabi segundoko aldea bakarrik aterata. Urbia aldean gero eta gehiago dira herrenka doazenak edo luzaketak egiteko geratzen direnak. Ez da gerrako irudia, baina hala dirudi.

Andraitz, amaieraren hasiera

Andraizko gaina da amaieraren hasiera. Hamar kilometrotik gorako amaiera, gehiena maldan behera. Andraitzera iristerako Emelie Frosbergek irabazi du emakumeen lehia.

14:00ak. Hasi da sari banaketa. Bozgorailuetako hotsa iristen da Andraitz ingurura. Zegamak gertu dirudi, baina urrun dago oraindik. Lasterketa osoan ordularia apaingarri hutsa izan da. Orain ez. Zegama Aizkorri sei ordutik behera amaitzeko korrika egin behar da. Egurra, beraz. Korrikalariak pasa eta pasa. Lokatza, harriak, putzuak, errekak. Jauzika. Indarra badago, nonbait.

Bidea ezaguna da, baina horrek ez du motzagoa bihurtzen. Erlojuaren eta zuhurtasunaren kontrako metroak dira.Bat-batean, entrenamendu egunetan hutsik ezagututako kaleak jendez gainezka daude, eta helmugarako bidea hesituta. Txaloak, izen-abizenak bozgorailuetatik… Amaiera. Sei ordutik behera. Indarrez hustuta, gogoz beteta, erokeria zoragarri hori errepikatzeko prest.

Artxibo
Event Search