DIARIO VASCO. Lehen herritarrak helmugan Martin Etxeberria eta Ane Zinkunegi izan ziren. 76 neska-mutikok eta 82 nagusik parte hartu zuten Umore Ona elkarteak antolaturiko bi lasterketa arrakastatsuetan.
Arrakastatsua suertatu zen Goizuetako bigarren krosa. Giro ezin hobean, eguraldia lagun zutelarik, gaztetxoenak izan ziren irteera puntuan egon ziren lehenak. Denetara 76 neska-mutikok hartu zuten parte bi kategoritan Umore Ona elkarteak antoaltutako bigarren edizio honetan.
Helduen lasterketan 82 pertsonak zuten izena emanda eta gizonezkoetan lehenengoa, Irurako Unai Señoran Bengoa izan zen, honek 3 kilometroko zirkuitoari hiru itzuli emateko 32:04 minutu behar izan zituen, benetan marka ederra. Bigarren Aitor Etxeberria igeldoarra izan zen 30 segundora, eta hirugarren Zumaiako Martin Amilibia, hau 33 segundora iritsi zelarik.
Emakumezkoen artean, irabazlea Iraizozko Vanesa Pacha izan da eta honek 36 minutu eta 36 segundo; behar izan zituen ibilbidea osatzeko, bigarren postuan Errenteriako Leire Fernandez gaztea sartu zen eta hirugarrenean, Hernaniko Karen Ortiz de Guinea.
Herritarren artean onena gizonezkoetan Martin Etxeberria izan zen eta herriko lehenengoa izateaz gain sailkapen orokorreko bederatzigarren lekuan iritsi zen 36:00 denbora eginez. Herriko lehenengo emakumea Ane Zinkunegi izan zen, 52:28ko denborarekin.
Lasterketa bukatu ondoren, sari banaketa eta zozketak egin ziren bitartean hamaiketakoa ere eskaini zitzaien parte-hartzaile guztiei, indarrak berreskuratzeko.
Eguna oso ongi joan zela azpimarratzen dute antoaltzaileek eta iaz berreskuratutako ohiturari jarraipena emanez, balorazio ona egin zuten. «Iazko parte hartzaile kopurua igo egin da eta datorren urtean arrakasta handiagoa izan dezan lanean jarraituko dugu», zioten Umore Ona elkartekoek.