Igandean, maiatzak 29, jokatuko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia goizeko bederatzietan Zegamako herrigunetik abiatuta. Aurtengoa egiten duten hamargarren aldia da, eta Alberto Aierbe maratoiaren zuzendari teknikoak jakitera eman duenez, berrikuntza bat edo beste izango dira.
Batetik, Salomon etxea sartu da aurten laguntzaile moduan. Iaz ere eman zien antolatzaileei laguntza, baina Aierberern hitzetan «aurten salto kualitatibo bat egin du, nahiko handia». Telebistako produktore bat eramango du Salomonek Zegamara. Beraiek hartuko dituzte irudiak, eta beraiek zabalduko dituzte, estatu mailan zein nazioarte mailan. Gainera, elizaren aurrealdean pantaila handi bat jarriko dute, euren laguntzarekin finantzatuta. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari esker, hainbat irudi hartuko ditugu, kalean dauden ikusleek lasterketa zuzenean ikusi dezaten. Kamerak 4×4 ibilgailuetan ibiliko dira, eta hainbat puntutan hartuko dituzte irudiak: besteak beste, Otzaurten, Iramendin, Urbian, Sancti Spiritun eta Aizkorrin. Azkenik, Zegama-Aizkorri antolatzen duten hamargarren aldia denez, omenaldi txiki bat ere egingo diete aurreko bederatzi probak orduaren barruan bukatu dituzten kirolariei. Hamaika lagun dira guztira, neska bat eta hamar mutil: Leticia Uriarte, Koldo Urrestarazu (Lazkao), Guillermo Pinillos (Zegama), Mikel Legarreta, J. Antonio Salgado, Ion Zubillaga, Joxan Larrea, Gorka Gabiña, Ricardo Ruiz de Apodaca, Txema Gomez eta Iosu Cascon. Lasterketaren hasieran, goizeko bederatzietan, detailetxo bana emango diete kirolari horiei.
Munduko kopa
Zegama-Aizkorri mendi maratoia Sky Runner World Series 2011 mendi lasterketen Munduko Koparako puntuagarria izango da. Zegamakoa 2007an sartu zen lehen aldiz Buff Sky Runner World Series zirkuituan. Mundu mailako txapelketako azken proba jokatu zuten orduan.
2008an Europako Lehiaketa izan zen. Protagonismoa Europa mailan kokatu zen, eta bertan erabaki ziren Europako txapeldunak gizonezkoen eta emakumezkoen mailetan. 2009an munduko kopara itzuli zen, eta lehiaketako bigarren proba izan zen. 2010ean berriz, munduko kopako lehendabiziko proba izan zen.
Ohiko ibilbidea
Mendi maratoia antolatzen hasi zirenetik lehen zortzi probetan zorte ona izan dute eguraldiarekin. Iaz, lehendabiziko aldiz, elurrak ohiko ibilbidea arriskuan jarri zuen, baina azkenean gailurretatik pasatzen den betiko ibilbidea egin zuten. Aurten ere halaxe egitea dago aurreikusita. Goizeko bederatzietan Zegamako herrigunetik irten eta Aratzeko mendigunetik eta Aizkorriko mendilerrotik pasatuko dira, inguruko tontorrik altuenak igaroz: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri.
Herrigunetik Otzaurte gainera joango dira, eta handik aurrera bide eta bidexka ugaritatik igaroko dira. Ibilbidean zuhaizti ugari, haitz biziko malkarrak eta mendi larreak tartekatuko dituzte.
Faboritoa Kilian Jornet
Antolatzaileek jakitera eman dutenez igandean Zegaman izango dira Kilian Jornet, Toffol Castaner, Miguel Heras, Aitor Osa, Euskadiko Selekzioa, Tom Owens eta Luis Alberto Hernando. Andy Simons etortzekoa zen, baina lesionatu egin da. Emakumezkoetan Euskal Selekzioko kideek, Emanuella Briziok, eta Stepahie Jimenezek parte hartuko dute, besteak beste. Mirella Miro ere joatekoa zen, baina azken unean baja izan da.
Borroka izango da ziur asko goi horietan. Dena den, Aierberen ustez «Kilian Jornet forma onean etortzen bada, ez du aurkari handiegirik izango».
Hona fitxa teknikoa:
-Irteera eta helmuga. Zegama.
-Eguna. Etzi, igandea
-Irteera ordua. 09:00.
-Distantzia. 42,195 kilometro.
-Tarteko helmuga. Aizkorrin (22,58. km).
-Gora-behera metatua.
5.472 metro.
-Igoera: 2.736 metro.
-Jaitsiera: 2.736 metro.
-Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aitxuri).
-Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).
-Eremu teknikoa.
%70 gutxi gorabehera.
-Pasagune kontrolak. 13.
-Jan-edan postuak. 14.
-Klimatologia. Erdi-mailako mendikoa. Bero handia, eguzki errea, haize gogorra, lainoa edo euria egiteko aukera.
-Zailtasuna. Oso handia.
-Gehieneko denbora. 8 ordu.
-Irabazlearen aurreikusitako denbora. 4 ordu.
-Markak.
– Gizonezkoetan: 3:53:18
(Rob Jebb, 2005).
– Emakumezkoetan: 4:38:19
(Emanuela Bricio, 2009).
-Gehienezko parte-hartze kopurua. 450 lagun.
-Sariak. 15.000 eurotik gora banatuko dituzte.
-Sari banaketa. 14:00etan.
-Antolakuntza. 250-300 laguneko lan-taldea.
Iturria: http://goierrimendebaldea.hitza.info