Web
Analytics
#3000kmxNahia elkartasun erronka - Lasterketak.eus #3000kmxNahia elkartasun erronka - Lasterketak.eus

#3000kmxNahia elkartasun erronka

Carlos Moran kirolari Zegamarrak elkartasun erronka bat martxan jarri du Nahia Gomez gazteak jasaten duen giltzurruneko gaixotasuna ezagutzera emateko. Erronka honetan 3.000 kilometro egingo ditu Carlosek, 1.000 kilometro mendian korrika, 1.000 kilometro bizikletan eta 1.000 kilometro asfaltoan korrika.

Nahia Gomez Ormazabal-ek (Zegama, 2004) birus baten ondorioz giltzurrunetako funtzioak galdu zituen duela pare bat urte. Glomerulonefritis focal y segmentaria corticorresistente da garatu duen gaixotasunaren izena eta ekimen honen helburua beraren inguruan informazioa zabaltzea da.
Carlos Moran Alonso (Zamora, 1960) ez da berria kirol munduan, hamar aldiz baina gehiagotan bukatu du Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia eta Tor de Geants (Italiako Aosta bailara, 330km) hiru aldiz burutu du. Aspalditik zuen erronka hau buruan, lanetik erretiroa hartu berritan eta egutegian lasterketarik ospatuko ez dela ikusita momentua aprobetxatu du.

3000kmxNahia izena jarri diogun erronka hiru 1.000 kilometroko zatitan banatzen da.
Lehen zatian 1.000 kilometro egingo ditu Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidean, hau da, 24 mendi maratoi egingo ditu. Helburua ez da ahalik eta azkarren egitea, baizik eta kilometro horiek egitea eta hurrengo zatietarako ez lesionatzea. Ahal den heinean, osasun neurriak jarraituz, nahiko genuke jendeak Carlosekin batera kilometroak egitea. Izan liteke itzulia osorik egitera animatzea, erdia egitea edo kilometro batzuk egitea. Horretarako lehen hitzordua ostiral honetan, hilak 10, arratsaldeko 15:00etan jarri dugu.

Herritarrek lehen zati hau zein puntutan doan ikusteko Carlosek dortsal bat eramango du egiten ari den itzuliaren zenbakiarekin eta behin 42 kilometroak amaitzean Zegamako Txanton tabernan utziko du dortsal hori. Itzuliaren zenbakiarekin hainbat dortsal ditugu, beraz laguntzaileek ere dortsal horretan Nahiarentzat mezu bat idatzi eta Txanton tabernan utzi ditzakete oroigarri moduan.
Bigarren eta hirugarren zatian 1.000 kilometro egingo ditu Carlosek bizikletan eta ondoren asfaltoan korrikan, aurrerago zehaztuko da zein ibilbide egiten duen.

Elkartasun erronka honetarako Ana Azpilicueta diseinatzaile eta mendi korrikalari madrildarrak egin digu irudia. Berak adierazi
bezala, sortu duen irudia motibazioaren inguruan doa. Nahiak eguneroko borrokan duen motibazioa; bere gurasoak eta familiak zereginetan erne eta tinko mantentzeko motibazioa; 3.000 kilometroak egiteko Carlosen motibazioa. Bihotz horrek hori irudikatzen du, gogo hori gabe ez genukeela ezer egingo.
Eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere proiektuari hasieratik babesa erakutsi dien enpresa eta erakundeak: Kronoak, Salomon, Osakidetza, Txanton taberna, Urbiako fonda…

Egunero joango gara gure sare sozialetan informazioa eguneratzen (Facebook eta Instagram).

Harremanetarako
Email-a: [email protected]
Karmele Ormazabal (Nahiaren ama): 669 25 09 05
Carlos Moran (kirolaria): 619 30 09 10

Leave a Comment