Web
Analytics
500 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute igandean Berako Mendi Maratoi Erdian - Lasterketak.eus 500 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute igandean Berako Mendi Maratoi Erdian - Lasterketak.eus

500 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute igandean Berako Mendi Maratoi Erdian

TTIPI-TTAPA. Lasterketaren irteera ordua 15 minutu atzeratu dute, 09:45 izanen da.

Berako IX. Mendi Maratoi Erdia–VII. Ibardingo Saria apirilaren 14an jokatuko da. Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldearekin eta Gure Txokoa elkartearekin batera antolatzen duen lasterketan parte hartzea handia izanen da aurtengoan ere. Izan ere, martxoaren 11n 500 dortsal jarri zituzten eskuragarri eta segidan agortu ziren denak. Hogeita zortzi beratar izango dira parte-hartzaileen artean, Manttale taldekoak 13, emakume bat barne, Irene Almandoz, 2012an ere parte hartu zuena.

Aurreko edizioetan bezalaxe, korrikalariek 21 kilometroko ibilbidea izanen dute aurretik eta 2.714 m-ko desnibel metatua gainditu beharko dute. 9,7 kilometro malda gora izanen dira eta 10,9 km behera, gehienezko igoera portzentajea %45 delarik. Berako Kiroldegia izanen da abiapuntua eta azken orduan jakinarazi dutenez, aurreko edizioetan baino ordu laurden beranduago hasiko da lasterketa, hau da, 9:30ean beharrean 9:45ean. Donostia-Baiona-Donostia martxa zikloturista eta maratoi erdiko korrikalariak Ibardinetik ordu berean igarotzekoak zirenez, bi probek bat egitea ekiditeko hartu da erabakia. Helmuga Berako Kiroldegia izango da eta punturik garaiena Larun (900,40 m).

 

Sariak

Sariak mantenduko dituzte lehenengo bortz sailkatuentzat bai emakumeen kategorian eta bai gizonezkoenean. Lehenengoak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 250 eta hirugarrenak, 200 euro. Aitzineko edizioetan bezalaxe, Ibardindik (6,6 km) pasatzen den lehen korrikalariak 150 euroko saria jasoko du, eta mantendu egingo da, halaber, Didier Zagok fran­ziarrak ezarritako lasterketako errekorra (1:38:11) gainditzea lortzen duenarentzat izango den 300 euroko saria.

Izena ematen duten guztiei ondoren adierazitako produktuak dituen poltsa bana banatuko zaie: Martikoren produktuak, produktu energetikoak, Lorpen galtzerdiak, eta Craft markako kamiseta bat, eta beharrezkoak dituzten zerbitzu guztiak eskura edukiko dituzte (txipa, dutxak, jan-edatekoak kontroletan eta lasterketa ondoko luntxa). Aurten ezarriko den kronometraje zerbitzuari esker, tarteko denborak ikusi ahal izango dira helmuga puntutik.

Faboritoak

Didier Zago eta Oihana Kortazar dira lasterketa irabazteko faboritoak. Zagoren helburua Berako lasterketa bosgarren aldiz jarraian irabaztea da, eta 2011n berak ezarritako errekorra gainditzea: 1 ordu 38 min. eta 11 seg. Emakumezkoetan, Kortazarrek bigarrenez irabazi nahi du proba. Biek ala biek aurkari gogorren kontra lehiatu beharko dute, Mendiko Lasterketen Nafarroako Kopako lehenengo proba puntuagarrian. Berrikuntza gisara, Ibardin eta Larun gailurretatik igarotzea Internet bidez emango da zuzenean eta irteeratik gertu dauden Xuga eta Errekalde tabernetako telebistetan ikusteko aukera izanen da.

Artxibo
Event Search