Web
Analytics
Azkarateko Igoera: Garaipena Ariznabarretarentzat baina errekorretik urrun - Lasterketak.eus Azkarateko Igoera: Garaipena Ariznabarretarentzat baina errekorretik urrun - Lasterketak.eus

Azkarateko Igoera: Garaipena Ariznabarretarentzat baina errekorretik urrun

David Slater, Azkarateko igoeraren errekorraren jabea, bertan zela jokatu da, gaur goizean, I. Azkarateko Igoera. Bizikletako proban Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez izan dira azkarrenak. Antxintxika, berriz, 50 lagunek hartu dute parte eta Oier Ariznabarreta ailegatu da lehena Azkarate gainera. Durangarrak 23 minutu eta 10 segundo behar izan ditu. Slaterren errekorra (20:40) salbu dago, hortaz. Emakumezkoetan, Ainhoa Lendinez izan da bizkorrena (30:50). Bi probetan, bizikletan eta saltaka, parte hartu du elgoibartarrak.

Ikusmin handia piztu du Madalako jaien barruan estreinakoz antolatu den Azkarateko Igoerak, eta ikusle eta parte hartzaile dezente batu dira azkenean. 1981ean Azkarate gaineraino 20 minutu eta 40 segundoan igo zuen David Slater ingelesa bertan egotea, gainera, pastelaren ginda modukoa izan da. Mintxeta Atletismo Taldeko kideek Ingalaterran dituzten kontaktuak lanean jarri ostean lortu zuten Slaterrekin bat egitea. Proba ikustera etorri nahi zuen galde egin zioten eta hark berehala eman zion baiezkoa gonbidapenari. Atzo ailegatu zen Elgoibarrera bere entrenatzaile izandako Edie Hardyrekin batera. Probari hasiera emateko ohorea eskaini diote Slaterri eta bertatik bertara jarraitu ditu gero txirrindulari eta antxitxikarien ibilerak. 1981. urtean ezarri zuen marka (20:40) ez dela edonork ontzeko modukoa ikusi ahal izan dute guztiek. Aurreneko postuetan iritsi diren parte hartzaileak harrituta zeuden britainiarrak egin zuen markarekin. Beste puska baterako marka izango dela izan da iritzi zabalduena eta komentatuena.

Oier Ariznabarreta durangarrak -Karakateko Igoeraren azken irabazlea- igoera bikaina egin du eta ia minutu bateko aldea atera dio helmugan bigarren sailkatuari, Ander Agirreri, baina Slaterren markatik bi minutu eta 30 segundora geratu da, oso urrun. Iñigo Lariz, lehen elgoibartarra, ailegatu da hirugarren postuan, 24:17 denborarekin. Emakumezkoetan lau parte hartzaile izan ditu probak eta Ainhoa Lendinez izan da guztietan azkarrena. Sailkapen nagusiko 28. postuan sailkatu da Lendinez, 30:50 denborarekin. Kirolari elgoibartarrak, gainera, bizikletako proban parte hartu du ordubete lehenago. Beste batzuk ere, batekin nahikoa ez eta bi probak egin dituzte, Iñigo Ortuostek edo Ignacio Perezek, kasu.

SAILKAPENA eta ARGAZKIAK

Iturria: www.elgoibarren.net

 

 

Artxibo
Event Search