Web
Analytics
Bihartik urtarrilaren 28ra bitartean eman ahal izango da izena Zegama-Aizkorrin parte hartzeko - Lasterketak.eus Bihartik urtarrilaren 28ra bitartean eman ahal izango da izena Zegama-Aizkorrin parte hartzeko - Lasterketak.eus

Bihartik urtarrilaren 28ra bitartean eman ahal izango da izena Zegama-Aizkorrin parte hartzeko

Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurten maiatzaren 29an egingo dute eta bihartik (urtarrilak 12) urtarrilaren 28ra bitartean eman ahal izango dute interesatuek izena.

Aurreinskripzioa egiteko www.zegama-aizkorri.com webgunean jarriko duten izen-emate orria bete behar da. Telefonoz edo posta elektronikoz egiten diren eskaerak ez dituzte onartuko.

Zegamako maratoiaren arautegian finkatutako baldintzak betez gero, 18 urtetik gorako atleta, mendizale eta kirolari guztiek dute proban parte hartzeko aukera, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten 450 lagun onartuko dituzte guztira. «Maila honetako frogek dakartzaten konpromisoak kontutan izanda», antolakuntzak partaide guztien artetik 100 dortsal erreserbatuko ditu konpromiso horiei erantzuteko.

Ekitaldi guztietan parte hartu duten korrikalarien eta azken bi ekitalditan denborarik onenak lortu dituzten korrikalarien presentzia bermatzeko, antolakuntzak beste 125 dortsal gordeko ditu, korrikalari horientzako. Geratzen diren dortsalak, 225 guztira, zozkatu egingo dituzte.

Zozketa otsailaren 25ean egingo dute Zegamako udaletxean. Alberto Aierbe maratoiko Zuzendari Teknikoak jakitera eman duenez, batzuk ez dute sekula zorterik izan zozketan eta mendi maratoian parte hartu ezinik geratu izan dira behin baino gehiagotan. Horri konponbidea eman nahian, aurten zozketa egiteko unean fideltasuna sarituko dute. Hau da, aurtengo zenbakiaz gain, lasterkari bakoitzak zozketan parte hartu duen urte bakoitzeko beste zenbaki bana egokituko zaio.

Behin zozketa egin eta hurrengo egunean, dortsalen zerrenda beraien webgunean agertuko da: www.zegama-aizkorri.com-en, alegia.

Kutsu berezia
Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurten ere Sky Runner World series 2010 munduko koparako puntuagarria izango da. Aurten mendi maratoia egiten duten 10. aldia denez, kutsu berezia eman nahi diote ekitaldiari. Beraien asmoetako bat, Zegama eta mendizaletasunari buruzko mahainguruak antolatzea da. «Mahainguru horietan, euskal mendizale garrantzitsuenen presentzia izateko hartuemanak hasiak ditugu dagoeneko», dio Aierbek.

Bestalde, hasierako ediziotik 2010era arte egin diren Zegama-Aizkorri mendi maratoien laburbilduma DVD batean egitea egokia iruditu zaie eta horretan ari dira. Azkenik, edizio guztietan parte hartu duten korrikalariei, (7-8 bat) omenalditxo bat egingo diete lasterketaren hasieran «beraiei gure eskerrona agertu asmoz».

Zegama-Aizkorri mendi maratoia erdi mailako mendietan barrena egingo dute urteroko moduan, Aratz eta Aizkorri mendilerroan zehar, EAEko tontorrik garaienak igaroz: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Lasterketa teknikoa eta zailtasun handikoa da. Gizonezkoetan errekorra Rob Jebb ingelesak jarri zuen 2005ean, 3:54:18ko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Emanuela Brizio italiarra da errekorraren jabea. 2009an, 4:38:19ko denbora egin zuen.

Iaz, Tejas Garmendiak 2.000 euroko diru-saria jarri zuen errekorra egiten zuenarentzat. Ez zuen inork lortu ezarritako denborak hobetzea. Aurten, errekorra egitea lortzen duen kirolariari 2.500 euro emango dizkio Tejas Garmendiak. Denborak hobetzea lortzen dutenak gizonezkoa eta emakumezkoa biak badira, diru-sari hori bien artean banatuko dute.

Zegama Aizkorri mendi maratoiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurtengo berrikuntzen artean dago Salomon etxearen ekimena ere. Aierberen hitzetan «iaz Salomon etxea mendi maratoiaren laguntzailea izan zen. Aurten ordea, beste urrats bat eman nahi izan du». Batetik, prentsarentzako gunea antolatuko du maratoiaren egunean. Produktore bat ere ekarriko du erreportaia egiteko eta gero beraiek arduratuko dira zabaltzeaz. Materialei dagokionean ere laguntza garrantzitsua emango du eta azkenik, Salomonek dituen korrikalari onenak Zegaman izango dira maiatzaren 29an. Gizonezkoetan besteak beste, Kilian Jornetek (iazko munduko txapelduna), Tofol Castanierrek, Andy Symonsek, Ricky Linghtfootek, eta Tom Owensek parte hartuko dute, eta emakumezkoetan Mirella Mirók eta Laetitia Rouxek (iazko munduko txapelduna).

Beste berrikuntza, Zegama Italiako Premana herriarekin senidetu izana da. Premanan Giir di Mont lasterketa jokatzen da eta senidetzaren helburua bi lasterketak indartzea da.

Iturria: www.goierrikohitza.info

Artxibo
Event Search