Izen-emate epearen lehen hilabetean 300 lagun apuntatu da bi probetarako; kirolari batzuek egin dute ibilbidea jada, proba gisara
Sei hilabete geratzen dira oraindik ‘Ehunmilak’ probarako, baina ordura arte itxaron ezinik, badira bat baino gehiago probaren ibilbidea egin dutenak. Tartean dira Gorka Azkarate eta Gorka eta Jaione Sasieta.
Probatu dutenen ahotik
Prestaketa aurrera doa, parte-hartzaileak hasi dira izena ematen, eta oraindik uztailaren 16rako sei hilabete geratzen badira ere bada jendea Ehunmilak ultratrail probarako prestatzen ari dena. Eta prestatu bakarrik ez, ibilbidea egin duenik ere bada. Horien adibide dira Gorka Azkarate urretxuarra eta Gorka eta Jaione Sasieta, Ezkio-Itsasoko anai-arrebak. Bertatik bertara bizi izan dute elkarrekin Ehunmilak-ek ezkutatzen duena, eta «oso gogorra» dela aitortu dute.
Erronka moduan hartu zuten ibilbidea egitea, eta lehen saiakera irailean egin zuten. Ibilbidean izandako gora-behera batzuk tarteko amore eman behar izan zuten orduan, bidearen erdian. Urriaren amaieran, ordea, hasi eta bukatu egin zuten.
Larunbatetik iganderako gau batean atera ziren Urretxutik, eta astelehenetik astearterako gauean, «oso berandu», heldu ziren berriro Urretxura. «52 ordu behar izan genituen, baina helburua jarrita genuen eta betetzea ere lortu genuen».
Uztailean 48 ordu izango dituzte parte-hartzaileek, gehienez, 167 kilometroak egiteko. Azkaratek nahikoa denbora dela irizten du: «Guk Lizarraustiko parketxean lo ere egin genuen, eta ibilbidea ezagututa nik uste nahikoa denbora dagoela. Gainera jende askok erronka moduan hartuko du proba, eta dena jarraian egingo dute».
Hobe ibilbidea ezagutzea
Antzu geratu zitzaien lehen saiakeran ibilbideko hainbat eremu behar bezala ez ezagutzeak zerikusi handia izan zuen. «Batez ere Tolosa eta Amezketa inguruetan izan genituen zalantza gehien, eta inguru haiek gainontzekoak bezainbeste ez ezagutzeak denbora galtzera eraman gintuen», gogoratu du mendizale urretxuarrak.
Probaren egunean ibilbide guztia markatuta egongo da, eta hori alde izango dute mendizaleek. «Guk GPSarekin hainbat arazo izan genituen, baina uztailean ez da horrelakorik izango, eta alde horretatik lasaiago ibiliko dira proban ariko direnak».
Ibilbidearen inguruko informazio guztia Ehunmilak probarako sortu duten webgunean eskura daiteke (www.ehunmilak.com). Hala ere, aurretik ibilbidea behar bezala ezagutzeko gomendioa egin du Azkaratek. «Oraindik badago denbora, eta zatika besterik ez bada ere aurretik zein lekutatik igaro behar den jakitea ezinbestekoa da. Nik uste oso garrantzitsua dela ahal den neurrian ibilbidea ezagutzea, batez ere zati bat igaro ondoren zer datorren jakiteko».
Ibilbidean zehar aurretik ibiltzeak fisikoki egin beharreko prestakuntzan laguntzeaz gain «mentalki prestatzeko» ere balio du. Hankak eta gorputza nekatzeaz gain «burua ere asko nekatzen da eta, aurretik zer dagoen jakinda indarrak eta animoak neurtzeko aukera dago». Gainera ibilbidearen hainbat eremu gauez igaro beharko dira, «eta horretarako ere garrantzitsua da ibilbidea aurretik ezagutzea».
Mendian ibiltzeko ohitura
Sasieta anai-arrebek eta Azkaratek ez zuten prestaketa berezirik egin ibilbideari ekin aurretik: «Uda ostean izan zen, eta oporretan hara eta hona ibili ginen mendian. Gainera beti kirola egiten ari gara eta nahiko ondo amaitu genuen». Hala ere mendian ibiltzeko ohitura «ezinbestekoa» da Ehunmilak proban parte hartzeko, Azkarateren ustez.
Esperientzia gertutik bizita balorazio ona egin du bizitakoaren inguruan Azkaratek: «Apur bat prestatuta, guk eraman genuena baino pisu gutxiagorekin eta eguraldi onarekin, ongi egin daiteke proba». Hala ere Azkaratek ez du oraindik izenik eman, ez baitago erabat ziur proba egingo duen ala ez; «dena jarraian egitea oso gogorra baita». Gorka eta Jaione Sasieta anai-arreben izen abizenak, bestalde, izena eman dutenen zerrendan ageri dira.
Esperientzia erreportaje eran
Ehunmilak proba egiteko asmotan direnek zer biziko duten jakin ahal izateko erreportaje eran kontatu ditu Azkaratek bi saioetako gora-beherak eta bizipenak.
Ibilbidean zehar bizitako anekdotak, sentitutakoak, inguru bakoitzari buruzko informazioa, umore ukituz egindako komentarioak, jendearen iritziak eta ibilbide guztiko dozenaka argazki biltzen dira erreportajean. Denen eskura jartzeko asmoz www.mendiak.net helbidean zintzilikatu du dokumentua. Bi saiakeren eta Ehunmilak probaren inguruan gehiago jakin nahi duenak bertan du aukera.
«Aurretik zein lekutatik igaro behar den jakitea ezinbestekoa da, gero zer datorren jakiteko»
Gorka azkarate
Mendizalea
Iturria: Goierriko Hitza