Web
Analytics
‘Ehunmilak’ proba etapatan egiteko aukera emango du berriz Arrastakak - Lasterketak.eus ‘Ehunmilak’ proba etapatan egiteko aukera emango du berriz Arrastakak - Lasterketak.eus

‘Ehunmilak’ proba etapatan egiteko aukera emango du berriz Arrastakak

Uztaileko hirugarren asteburuan egingo diren Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak probak direla eta, Arrastaka Mendi Taldeak bi probetako ibilbide guztia etapatan egiteko aukera eskaini du aurten ere. Guztira, zazpi etapa izango dira, lehen biak asteburu honetan. Beasain eta Zumarraga arteko zatia egingo dute larunbateko lehen etapan; Igandekoan berriz, Zumarraga eta Azpeitia artekoa.

Etapa guztiak maiatzean izango dira aurten, hilabete guztiko larunbat eta igandetan. Zazpigarren eta azken etapa, maiatzaren 28an izango da. Ibilde guztia etapatan eginda, probak zeharkatuko dituen lekuetatik zehar igaroz ibilbide osoa ezagutu ahalko da. Uztailean ez bezala ordea, etapa guztiak oinez egingo dituzte mendizaleek datozen asteetan.

Irteera hauetan parte hartzeko, ostegunean 18:30etik 20:30etara bitartean Ehunmilak probarako Arrastaka Mendi Taldeak Jose Migel Iturrioz kalean duen egoitzara joan beharko da izena ematera. Egun eta ordutegi berean 646 85 56 20 telefono zenbakira ere deitu ahalko dute interesatuek. Bestalde, etapak egin ahal izateko, derrigorrezkoa izango da mendiko federatu txartela izatea. Irteeretarako gainera, norberak eraman beharko ditu jatekoak eta mendirako arropa aproposak.

Beasain eta Zumarraga

Larunbatean egingo dute zazpi etapetatik lehena, Beasain eta Zumarraga artean, 20 kilometroko luzeera duena. Usurberako bidea hartuz, Murumendi aldera egingo dute mendizaleek, eta handik Mandubiara.

Kizkitzako ermitatik gertu, Izazpiko mendi-lerrora jarraitzen duen bidean egingo dute aurrera irteeran parte hartzen duten mendizaleek, Ezkio-Itsasoko lurrak zeharkatuz. Izazpi mendira igotzeko malda gainditu beharko dute ondoren, eta tontorretik Ehunmilak probaren ibilbide osoa ikusi ahalko dute. Tontorrean Tenpluen Ibilbidearekin bat egin eta mendi bide batetik jarraituz Antioko ermitan amaituko dute lehen etapa.

Igandean bigarren etapa

Arrastaka Mendi Taldetik jakitera eman dutenez, bigarren eta zazpigarren etapak izango dira gogorrenak. Igandean egingo dute bigarrena, Zumarragatik Azpeitiara artekoa. Igandean Santa Barbara, Azkarateko eta Elosuako mendateak, Hirukurutzetako gailurra eta Erlo mendiak zeharkatu beharko dituzte mendizaleek etapa osatzeko. Bigarren etapa honek, 33 kilometroko luzeera du.

Bi etapak egun osokoak izango direla iragarri dute Arrastakakoek, eta horietan eta gainerako bost etapetan gertatzen diren istripuen ardura mendizaleena izango dela argitu dute.

Larunbatean Beasaingo Erauskin plazan egon beharko dute irteeran parte hartu nahi duten mendizaleek, 07:15ean. Itzulerako ordua, 15:30ak ingururako kalkulatu dute antolatzaileek. Igandean berriz, 08:00etan irtengo dira Bernedo Eneako aparkalekutik eta itzulera 18:30ak inguruan izatea aurreikusi dute. Zazpi etapei buruzko informazio guztia www.arrastaka.net helbidean jarri dute antolatzaileek.

Iturria: http://beasain.hitza.info – Eskeine Legorburu

Artxibo
Event Search