Web
Analytics
Ionut Zinkak eta Emanuela Briziok irabazi dute Arratzu Urdaibai mendi lasterketa - Lasterketak.eus Ionut Zinkak eta Emanuela Briziok irabazi dute Arratzu Urdaibai mendi lasterketa - Lasterketak.eus

Ionut Zinkak eta Emanuela Briziok irabazi dute Arratzu Urdaibai mendi lasterketa

Ionut Zinka Gasteizen bizi den errumaniarrak eta Emanuela Brizio italiarrak irabazi zuten iragan zapatuko Ternua Arratzu Urdaibai mendi lasterketa. Zinkak bigarrenez irabazi zuen lasterketa eta “oso pozik” azaldu zen probaren amaieran. Brizio, bestalde, lehenengoz izan zen Arratzun. Italiarrak lasterketaren “gogortasuna” azpimarratu zuen, eta “pozik” azaldu zen emakumezkoen mailan garaipena lortu zuelako. Azaldu zuenez, “ibilbide oso gorabeheratsua” dauka probak eta zenbait puntu “gogortasun handikoak” dira.

Bertoko korrikalaririk onena, bestalde, Imanol Goñi izan zen. Natxituarrak (Ea) Arratzuko Arrolape taldeagaz lehiatu zuen lasterketa eta seigarren postuan bukatzea lortu zuen. Ereñozar lehenengo hogeien artean zeharkatu ostean, lasterketaren bigarren zatian hainbat aurkari harrapatu eta atzean utzi zituen seigarren postuan bukatzeko. Bertoko korrikalari batek lortu duen emaitzarik onena izan da lasterketa antolatzen hasi zirenetik.

Urdaibaiko lasterketak fama hartu du 2009an lehenengoz antolatu zutenetik eta aurten inoiz baino parte-hartzaile gehien izan dira. Guztira 450 korrikalari inguru batu ziren irteera lerroan.
Aurten, gainera, eguraldia lagun izan dute korrikalariek. Iaz ez bezala, eguzkia izan zen ibilbideko protagonista parte-hartzaileen lana erraztuz.

Arratzukoa nazioen txapelketarako (Mountain Runnig International Cup) bigarren proba puntuagarria izan zen. Lehenengo bi probetan garaipenak lortu ostean, Zinka eta Brizio sailkapen nagusiaren buruan dira.

Probaren gogortasuna

Eguneko lehenengo puntu beroa, Ereñozarreko igoera izan zen. Parte-hartzaileek Santimamiñen hasi zuten igoera zortzigarren kilometroan eta gora iristerako, lasterketa oso sakabanatuta zegoen. Zinkak azaldu zuenez, lehenengo igoera horren ostean, “erritmoa bizitu” zuen eta aurkariak atzean utzi zituen.

Ereñozarreko igoeraren ostean, Iluntzarreko eta Arrolako igoerak izan ziren punturik garrantzitsuenak. Igoera horietan, zenbait parte-hartzailek indarra galdu zuten eta atzera egiten hasi ziren. Beroak eta ibilbidearen gogortasunak lasterketa luzeegia bihurtu zuen zenbaitentzat.

Hein handi baten, igoerek sailkapen nagusia zehaztu zuten arren, parte-hartzaileek aldapa behera egin beharreko lana be azpimarratu zuten. Briziok jakinarazi zuenez, esaterako, “Arratzuko lasterketa oso teknikoa da eta aldapa behera denborarik ez galtzea ezinbestekoa da garaipenaren borrokan izateko”.

Urtero gertatzen den moduan, lasterketaren gogortasuna parte-hartzaileen ahotan izan zen proba bukatutakoan. Izan be, aldapa luzerik izan ez arren, 2000 metroko desnibel positiboak korrikalariek sufritzea eragiten du. Bata bestearen atzetik, izerdiz blai sartu ziren helmugara egin beharreko lana bukatzeko irrikitan.

Lasterketa hasi zuten 450 korrikalarietatik, 360 inguru heldu ziren helmugara denboraren barruan. Azkenengo sailkatuak bost ordu eta 30 minutuko marka egin zuen. Irabazleak baino hiru ordu gehiago behar izan zituen lasterketa amaitzeko.

Sailkapen osoak, Ternua Arratzu Urdaibai Mendi lasterketako webgunean aurkitu daitezke.

Iturria: http://gernikaldea.hitza.info

Artxibo
Event Search