Web
Analytics
Elkarrizketa - Juanjo Igartzabal: «Niretzat korrika egitea gozatzea da, ez lehiatzea» - Lasterketak.eus Elkarrizketa - Juanjo Igartzabal: «Niretzat korrika egitea gozatzea da, ez lehiatzea» - Lasterketak.eus

Elkarrizketa – Juanjo Igartzabal: «Niretzat korrika egitea gozatzea da, ez lehiatzea»

Igartzabal aurtengo mendi lasterketetan punta-puntan ibili da, eta Euskadiko Kopa ere berenagatu du Zumarragako korrikalariak.

Juanjo Igartzabal (Zumarraga, 1977) ingeniaria da ikasketaz, irakaslea ofizioz eta korrikalaria afizioz. Goierri Garaia Mendi Lasterketa Taldeko kidea da. Punta-puntan dagoela agertu du denboraldi honetan ere.

Euskadiko Kopa irabazi duzu mendi lasterketatan.

Lau proba dira puntuagarriak Euskadiko Koparako. Ez daukazu denak irabazi beharrik, denbora onena lortu bai, ordea. Azkeneko proba Olaztin izan zen, irailaren amaieran. Nik hiru probatan denbora onak lortu nituen eta lehenengo gelditu nintzen sailkapenean. Duela bi urte lehenengo postuan nengoen, baina Aizkorriko proba gaizki atera zitzaidan eta ez nuen postua mantendu.

Mendian ala errepidean egin zenuen korrika lehenengo?

Mendian hasi nintzen. Betidanik ibili izan naiz mendian, eta gero eta denbora gutxiago nuenez korrika egiten hasi nintzen. Lasterketetan ez nenbilen orduan. Txikitatik mendiari estuki lotuta egon naiz. Asteburuetan amaren baserrira joan eta mendira joaten ginen beti.

Errepidea beranduago etorri zen orduan.

Bai. Egia esan, errepidean mendian baino marka hobeak lortu izan ditut, baina gehiago gustatzen zait mendia. Mendira banoa, normalean korrika ibiltzen naiz. Nire lagunek ez dute nirekin mendira etorri nahi, baina oinez igotzen ere badakit.

Noiz hasi zinen lehiaketetan parte hartzen?

Hamar urte izango dira jada lehenengo lasterketa egin nuela. Larunbat gauak igande goizekin aldatu nituen, eta parranda egin ordez mendira joaten hasi nintzen. Gehiegi entrenatu gabe lehiaketetan hasi nintzen, eta gauzak ondo atera zitzaizkidanez jarraitu egin nuen.

Mendi lasterketek gero eta zaletu gehiago dute, eta lasterketa gehiago ere badago.

Bai. Zumarragan eta Urretxun taldea daukagu. Egun hogei kide gara, baina irekia da taldea. Hiru mendi lasterketa antolatu ditugu dagoeneko. Aurten jende ona erakarri genuen eta parte-hartzea espero baino hobea izan zen, eguraldia hain makala izanda. Gure helburua hori da, ahalik eta herriko jende gehienek parte hartzea.

Ehunmilak lasterketan ez zenuen parte hartu. Zer deritzozu horrelako probei buruz?

Bidegurutze batean lasterketa zaintzen egon nintzen eta inbidia pixka bat sentitu nuen, baina prestaketa itzela behar du horrelako lasterketa batek eta gorputzarentzat gogorra da. Horrek ez du esan nahi inoiz egingo ez dudanik.

Zure entrenamenduak deskribatuko zenituzke?

Mendia eta errepidea tartekatzen ditut. Denbora gutxi daukadanean errepidean egiten dut korrika. Mendian gutxienez ordu eta erdiko korrikaldiak egitearen aldekoa naiz. Mendiak denbora gehiago eskatzen du. Korrika egitean zapaltzen duzun zorua aldatu egin behar da. Alde batetik aspertzen zarelako, eta bestetik min hartzea errazagoa delako beti zoru mota berdinean korrika eginda.

Zer behar da korrika egiteko?

Gogoa. Jendeak korrika egitea lehiaketarekin lotzen du. Niretzat korrika egitea gozatzea da. Nik ez dut kontuan hartzen aurrean probarik dudan ala ez, denboraldia amaitzen denean ere korrika egiten dut, gustatzen zaidalako.

Azaroaren 14an izango da Behobia-Donostia. Gustatzen al zaizkizu horrelako probak?

Ez dira nire gustukoenak. Lagunekin egoteko aproposak dira, baina nire ustez ez korrika egiteko. Joan izan naiz eta aurten ere baliteke joatea. Maratoiekin berdina gertatzen zait, New Yorkera gustura joango nintzateke; ez korrika egitera, ordea.

Iturria: www.goierrikohitza.info

Artxibo
Event Search