Web
Analytics
Emakumeen alde, bost kilometro - Lasterketak.eus Emakumeen alde, bost kilometro - Lasterketak.eus

Emakumeen alde, bost kilometro

Martxoaren 4rako antolatu duten 23. Lilatoian parte hartzeko izen ematea zabalik dago

Emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituen urteroko lasterketa iristear da. Izan ere, martxoaren 4ean 23. Lilatoia egongo da jokoan Donostiako kaleetan. Lasterketaren aurkezpen ofiziala datorren astelehenean egingo duten arren, parte hartu nahi duten emakume guztientzako izen ematea zabalik dago jada. Aurreko urteetan bezala, lasterketak 5 kilometroko ibilbidea izango du eta Bulebarrean izango du irteera, 11:00etan.

Gazte zein helduek parte har dezakete Lilatoian, helburua, emakumeak batzea eta euren eskubideak aldarrikatzea baita. Lasterketa korrika zein patinen gainean egin daiteke, eta otsailaren 29ra arte eman daiteke izena. Korrikalariek honako webgunean eman beharko dute izena: www.lilaton. com. Patinatzaileek, berriz, www.donostiroller.com webgunearen bidez eman beharko dute izena. Izan ere, hiriko Donosti Roller elkartea da partaide horien kudeaketaz arduratuko dena.

Hitza taldea
Aurten ere IRUTXULOKO HITZAk, gainontzeko eskualdeetako Hitza egunkariekin elkarlanean, Hitza taldea osatu nahi du. Egunkari honek deialdia egiten duen hirugarren aldia da aurtengoa, eta iazko arrakasta gainditzea espero du. Izan ere, 2010eko Hitza taldeak zazpi lagun izan zituen arren, 2011ean 26 emakumek egin zuten korrika Hitzaren izenean, eta horietatik hamar donostiarrak izan ziren.

Hitza taldeko kide izateko, aski da [email protected] posta elektronikora idaztea, edo 943-46 72 36 telefonora deitzea. Bidalitako posta elektronikoan, partaide bakoitzaren izen-abizenak, herria eta harremanetan jartzeko telefono bat utzi beharko dira. Hala, Hitza taldean parte hartzen duten guztiek elastiko bana jasoko dute opari, diseinu bereziarekin. Hori bai, talderako izena eman arren, lasterketarako izen ematea egin beharko dute euren kontura, gainontzeko partaideek bezala. Animatu eta parte hartu!

Iturria: http://irutxulo.hitza.info

Artxibo
Event Search