Web
Analytics
Flysch Trail Europa mailako lasterketa izan dadin nahi dute antolatzaileek - Lasterketak.eus Flysch Trail Europa mailako lasterketa izan dadin nahi dute antolatzaileek - Lasterketak.eus

Flysch Trail Europa mailako lasterketa izan dadin nahi dute antolatzaileek

UROLA KOSTAKO HITZA. Uztailaren 21ean Zumaiako V. Flysch Trail Mendi Lasterketa jokatuko da Zumaia eta Deba arteko mendietan eta labarretan barrena. Duela bost urte lehenengo aldiz antolatu zutenetik, ibilbide oparoa izan du probak, eta urrats sendoak eman ditu goi mailako lasterkarien artean hitzordu garrantzitsua bihurtzeko bidean.

Aurten ere antolatzaileek ez dute hutsik egin, eta «ahalegin berezia» egin dute dena primeran irten dadin. Bosco Garitano antolatzaileak azaldu ditu nondik norakoak: «Guk badakigu ingurune ikusgarria dugula, baina Europa edo mundu mailako lasterketetan parte hartzen duten lasterkarientzat adina altuera edo mendi handiak falta zaizkigu. Hori gainditzeko, gure indargunea antolaketaren maila da». Ildo horretan, urtetik urtera lasterketaren maila hobetzeko ahalegina egiten dute antolatzaileek, azaldu dutenez. Hasieran Euskadiko Koparako puntuagarria izan zen proba, ondoren Espaniako Koparen baitakoa izatea lortu zuten, eta hurrengo erronka Flysch Trail Lasterketa Europa mailako proba izatea da. «Hasieratik argi genuen ez genuela herri mailako lasterketa soil bat izaterik nahi, horrek bizitza motza baitu. Kanpoko lasterkariak etortzea nahi genuen, eta hasieratik jarri genion gure buruari erronka; Europako Kopako proba izatea, alegia. Gure asmoa 2015ean errealitatea izatea nahi dugu. Ea 2014rako lortzen dugun».

Aurten bi ibilbide
Antolatzaileek Europa mailako proba izatea helburu badute ere, jakin badakite garrantzitsua dela herritar orori bertan parte hartzeko aukera ematea. Horregatik, aurten probak bi ibilbide izango ditu; proba nagusia 31,2 kilometrokoa izango da, eta proba herrikoia, berriz, 15,2 kilometrokoa. Bi ibilbide eskainita, maila guztietako korrilakariek lasterketan parte hartzeko aukera izatea nahi dute antolatzaileek. Lasterketarekin bildutako dirua, 3.000 euro inguru, Aspanogi elkarteari emango diote; minbizia duten Gipuzkoako haurren gurasoek osatzen duten elkarteari, alegia.

Bestalde, urtero bezala aurten ere goi mailako mendizaleak ere omenduko dituzte Zumaiako lasterketan; Eneko Pou eta Iker Pou anaiak, hain zuzen ere.

Ingurumena zainduz
Flysch Trail Mendi Lasterketarekin goi mailako kirol eskaintza zabaldu nahi dute antolatzaileek, Zumaiako flysch-aren aberastasun turistikoa eta geologikoa gizarteratzearekin batera.

Horretaz gain, Flysch Kirol Elkartearentzat ezinbestekoa da ingurumenari errespetua izatea, eta korrikalarien eta herritarren artean balio horiek sustatu nahi dituzte. Lasterketa biotopo babestuan barrena egiten da, eta antolatzaileek adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako «baldintza eta betebehar guztiak» betetzen dituztela, «kalterik sor ez dadin». «Boluntarioek ahalegin berezia egiten dute lasterketaren ondoren dena txukun-txukun gera dadin. Askotan lehendik zeuden zakarrak ere biltzen ditugu».

Lasterketa amaitzean Gipuzkoako Foru Aldundiak azterketa egiten du, kalterik sortu den neurtzeko. «Ingurumena maite dugu, zaindu beharreko altxorra da,. Jendeak ezagutzea, errespetatzea eta gozatzea nahi dugu», azaldu du Bosco Garitanok.

Egitaraua

Uztailaren 20a, larunbata

16:00etatik 20:00etara. Dortsalak banatuko dituzte itsas kiroldegian.
18:00etan. Aita Mari aretoan lasterketaren inguruko hitzaldia emango dute.
Uztailaren 21a, igandea

07:30etik 09:30era. Lasterketaren antolatzaileek dortsalak banatuko dituzte itsas kiroldegian.
08:45ean. Inda Mendi Elkarteak zuzenduriko mendi buelta hasiko dute, Beheko Plazatik abiatuta.
09:30ean. Gernika parkean haurtzaindegia irekiko dute probak irauten duen bitartean.
09:45ean. Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak omenduko dituzte.
10:00etan. 31,2 kilometroko lasterketako parte-hartzaileak abiatuko dira.
10:20ean. 15,2 kilometrotako lasterketako parte-hartzaileak abiatuko dira.
12:45etik aurrera. Irabazleei sariak banatuko dizkiete, maila bakoitzeko hiru lasterkariak iristen diren heinean.

http://urolakosta.hitza.info/2013/07/17/flysch-trail-europa-mailako-lasterketa-izan-dadin-nahi-dute-antolatzaileek/

Artxibo
Event Search