Web
Analytics
GORBEIA SUZIEN, INOIZ BAINO GEHIAGO - Lasterketak.eus GORBEIA SUZIEN, INOIZ BAINO GEHIAGO - Lasterketak.eus

GORBEIA SUZIEN, INOIZ BAINO GEHIAGO

gorbeia_suzien.png

Zeanurin dena prest dago urteko gertakaririk garrantzitsuenerako. Urriak 18an izango da Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia, eta aurten lehiaketa honek urrats berri bat eman du, nazioarteko mendi-lasterketen federazioko (ISFko) Skyrunner National Series zirkuitoan sartuz. Horrela, Gorbeia Suzien 2014ko Skyrunner National Championship izango da.

Ibilbide nagusiak 32 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa ditu, eta Gorbeiako Parke Naturaleko txoko ezkutuak ezagutaraztea du helburu. Hain zuzen ere, lasterketa mendira igotzeko bide diferenteak erakusteko asmoarekin jaio zen, eta antzinako hainbat bide berreskuratu eta garbitu ziren horretarako. Hala ere, antolakuntzaren buruak lanean darrai, Gorbeiak eskaintzen dituen aukerak ondo ezagutzen ditu eta, horregatik, aurten beste tontor bat sartu du ibilbidean: Lekanda. 3. edizioa izango den honetan, beraz, korrikalariek zenbait tarte tekniko dauzkan lasterketa gogorrago bati egin beharko diote aurre; baina trukean ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dute beste behin. (Lasterketari buruzko informazio guztia, webgunean: gorbeiasuzien.com)

Gorbeia Suzien etengabe hedatzen segitzen du, eta aurten ere mundu osoko goi-mailako korrikalariak erakarri ditu. Bertan egongo dira Ionut Zinca (aurreko bi urtetako irabazlea), Nuria Picas, Maite Maiora, Zaid Ait Malek, Aritz Egea, Antonella Confortola, Tòfol Castanyer, Manuel Merillas,  Leire Arrizabalaga (2. edizioko irabazlea), Jonathan Wyatt, Jessed Hernández, Alfredo Gil, Walter Becerra, Didier Zago, Hassan Ait Chaou, Javi Crespo, besteak beste. Gainera, badira ospe handiko alpinista bi ere, lasterketa egiteko aukera aprobetxatuko dutenak. Denis Urubkok eta Alex Txikonek Urubkoren proiekzio baten emanaldian parte hartuko dute ostiralean 20.00ean herriko frontoian, eta larunbatean korrika egingo dute.

Eztabaida piztuta dago zaletuen artean, nortzuk irabaziko ote dute lasterketa? Sari berriek ere jakinmina sortu dute; batez ere, ibilbidearen tarte batean neurtuko den Kilometro Bertikal partzialak. Erronka berri honek 5 km eta 1.000 metroko desnibel positiboa dauzka, San Justoko baselizatik Lekandako tontorrera, eta kontuz ibili beharko dute parte-hartzaileek, indar gutztiak hor agortu barik, ondoren 20 km gehiago egin beharko baitituzte lasterketa bukatzeko.

Lasterketa bat baino gehiago

Gorbeia Suzien mendiaren inguruko jaialdi handia da, eta egitaraua lasterketa baino egun batzuk arinago hasten da:

Asteazkenean, urriak 15, Oihana Kortazarrek eta Aritz Urdanpilletak, azken hileotan beraien esperientzia profesionala gorbeiasuzien.com webgunean elkarbanatu dutenek, “Mendi-lasterketen prestakuntza” mahai-inguruan hartuko dute parte.

Ostegunean, urriak 16, Nuria Picasen eta Zigor Iturrietaren emanaldia izango da.

Ostiralean, Denis Urubkoren proiekzioaren aurretik, Jordi Saragossa argazkilariak hitzaldi bat emango du.

Larunbata mila ekimenez josita egongo da, 200 metroko tirolina eta mendiko materialeko 2.eskuko azoka barne; eta igandean umeak izango dira protagonistak: umeen lasterketa izango da 12.00ean.

Artxibo
Event Search