Larunbat honetan Zumaiako XXVIII. Herri Lasterketa jokatuko dute herriko kaleetan zehar, eta oraindik eman daiteke izena bertan lehiatzeko. Ostiral gauerdian amaituko da horretarako epea, eta antolatzaileek adierazi dutenez, momentuz 200 lagun inguru inskribatu dira probarako. «Orain arte bezala, korrikalari gehienek izena azken egunetan emango dutela dirudi», dio Fran Aizpuruak, Zumaiako Udaleko kirol teknikariak. Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere 500 bat lagunek parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Korrikalariek 10,2 kilometro egingo dituzte herrian barrena, baina aurtengo ibilbideak aldaketa batzuk izango ditu. Izan ere, aurreko urteetan zirkulazio arazoak izan dituztela jakinarazi du Aizpuruak. Horren aurrean, ezbeharrak saihesteko eta korrikalariak lasaiago ibil daitezen, egurrezko zubia eta arranpla arteko tartea kendu egingo dute lasterketatik, eta horren ordez herriguneko kaleak aprobetxatuko dituzte korrika egiteko. Hala, bide gorritik Gernikako parkera joango dira korrikalariak. Horrez gain, lasterketako bigarren bira nagusia Patxita Etxezarreta kaletik pasako da, iaz ez bezala.
Larunbatean 17:00etan hasiko da helduen lasterketa, Patxita Etxezarreta kaletik, eta Gernikako plazan amaituko da proba. Korrikalariek bira txiki bat eta bi bira handi egingo dituzte. Hori baino lehenago, ordea, haurrak arituko dira lehian; alebinak, infantilak, kadeteak eta benjaminak Arranpla eta Gernikako parke artean eurentzat prestatuko duten zirkuitoan ariko dira, 15:30etik 16:30era. Antolatzaileen arabera, 300 eta 400 ume inguru lehiatuko dira. Doan eman dezakete izena.
Gainontzekoek txipa beharko dute korrika egiteko. Txip horia dutenek hamar euro ordainduko beharko dute, eta txipa alokatzen dutenek, berriz, hamabi. Txipik ez dutenek egunean bertan erosi ahalko dute; gailua erosten duten korrikalariek 28 euro ordainduko beharko dute izena emateko. www.kirolprobak.com atarian eman daiteke izena. Halaber, ostiralean, proba bezperan, korrikalariek webgunean euren datuak ongi jaso dituztela ziurtatu beharko dute.
Iturria: http://urolakosta.hitza.info – Ane Olaizola