Web
Analytics
Saharar herriaren aldeko lasterketa egingo dute igandean Ormaiztegin - Lasterketak.eus Saharar herriaren aldeko lasterketa egingo dute igandean Ormaiztegin - Lasterketak.eus

Saharar herriaren aldeko lasterketa egingo dute igandean Ormaiztegin

Seigarren aldiz jokatuko da igandean, Ormaiztegin, Salem Hach Embareken omenezko krosa. Lasterketa 11:00etan hasiko da, udaletxe parean. Bertan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek. Horretarako, bi bide daude: Sahara-cross.com edo kirolprobak.com webguneak. Iazko berrikuntzarekin jarraituz, aurten ere txip horiaren bidez hartuko dituzte denborak.

 

Izena ematerakoan, txipa duenak zortzi euro ordaindu beharko ditu aurrez, txiparen alokairuagatik, eta txip horirik erabiliko ez duenak, bi euro. Egunean bertan ere eman ahalko da izena, baina bi euro gehiago kostako da izen ematea, kasu batean zein bestean. Korrikalariek ordaindutako diru guztia, Saharara bidaliko dute antolatzaileek.

Hamar kilometroko lasterketa izaten da Sahararen aldeko krosa, ibilbide «laua eta polita» duena, antolatzaileen esanetan. Herriko plazatik abiatu eta herrigunean itzuli bat eman ondoren,  Irizar lantegiraino joango dira lasterkariak. Han buelta hartu eta Zubipe kiroldegitik barrena, Iraegi aldera joan, eta handik udaletxera itzuliko dira. Zirkuitu horri, bi itzuli eman beharko dizkiete korrikalariek.

Lasterketa luzea egin nahi ez dutenek ere izango dute krosean parte hartu eta lasterketaren helburuarekin bat egiteko aukera: eguerdiko 12:15ak aldera, kilometro bateko lasterketa sinboliko egingo dute, adin guztietako pertsonentzat. Helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek, borondatea. Lasterketa batean zein bestean parte hartzen duten guztiek, elastiko bana jasoko dute opari. Lasterketaren amaieran, freskagarriak, salda eta pintxoak izango dira aukeran, eta oparien zozketa ere egingo dute partehartzaileen artean.

Zaurituentzat erietxea

Iazko lasterketan bildutako 8.000 euroak gerrako minek sortutako zaurituentzat erietxe bat egiteko erabili dute. Erietxea eta orain arte egindako lasterketetan lortutako diruarekin egindako proiektuen argazkiak, sahara-cross.com helbidean ikus daitezke. Goierriko gizartea, saharar herriak bizi duen egoeraz kontzientziatzea ere lortu nahi dute antolatzaileek.

Iturria: http://goierrimendebaldea.hitza.info – Estitxu Imaz

Artxibo
Event Search