Web
Analytics
Iazkoa baino aberatsagoa - Lasterketak.eus Iazkoa baino aberatsagoa - Lasterketak.eus

Iazkoa baino aberatsagoa

Donostiako 57. Nazioarteko Krosa jokatuko dute igandean; Tanui eta Rotich bertan izango dira

Berriro ere, azken urteotako behaldia ahaztuta, Donostiako Nazioarteko Krosare n 57. ekitaldian goi mailako lehiaz gozatzeko aukera egongo da. Lasterketa igande honetan bertan jokatuko dute, hipodromoan. Gainera, krisi ekonomikoa ia ahaztuta, iazko aurrekontuari eustea lortu du Fly Group enpresa antolatzaileak, eta oraindik ere puntako korrikalari gehiago biltzea lortu du.

Sekulako lehia espero dute gizonezkoetan, Paul Tanui eta Lucas Rotich keniarren artean. 2011ko munduko kroseko txapeldunordea da Tanui, eta Elgoibarren txapela jantzi ostean dator. Rotichek, berriz, 10.000 metrotan bigarren markarik onena lortu du. Beraiekin batera, lehia gogorrean arituko dira beste hainbat korrikalari; tartean, Josphat Kiprono (2008ko eta 2011ko txapelduna), Mike Kigen (2010eko txapelduna), edota Titus Mbishei (2009 munduko junior txapelketako bigarrena). Honakoak ere ez dira atzean geratuko: Joseph Sweeney, Mohktah Benhari, Sergio Sanchez, Ivan Fernandez eta Daniel Perez. Emakumezkoetan ere puntako korrikalariak arituko dira lehian, afrikar askok parte hartuko baitute. Guztien artean, ordea, Priscah Jepleting keniarra nabarmentzea espero dute, iazko munduko txapelketako laugarrena. Eritreako Nazaret Weldu ere nabarmendu dute antolatzaileek, Amorebietako krosa irabazi berri baitu. Marta Dominguez, Nuria Fernandez eta Judith Pla ere lehian izango dira, besteak beste.

Bestetik, aurten lehen aldiz, Euskadiko Kros Txapelketa ere jokoan egongo da igandean. Horri esker, partaidetza handiagotu egin da. Izan ere, martxoaren 4ean Gijonen jokatuko duten Espainiako Txapelketarako txartelak jokoan egongo baitira. Gizonezkoetan faboritoa argi dago, Ivan Fernandez gasteiztarra, bera izan baita azken hiru urteetako garailea. Emakumezkoetan, berriz, Iraia Garcia aipatu dute.

Ordutegiari dagokionean, aldaketak egin dituzte; maila bakoitzeko distantziak, aurreko urteetakoekin alderatuz, desberdinak izango direlako. Itzuli txikiak 950 metro izango ditu, ertainak 1.375 metro eta handiak, berriz, 1.950 metro. Irteten lehenak kadeteak izango dira, 10:15ean hasiko direlarik; azkenak, berriz, gizonezko beteranoak izango dira, 12:45ean irtengo dira.

Aspertzeko betarik gabe
Partaideen izen zerrendak badira lasterketa ikustera joateko nahikoa arrazoi; baina oraindik gehiago dago, ibilbidea berritu baitute, ikusleengana gehiago iristeko, eta lasterketako maila bakoitzera hobeto egokitzeko. Kutxako Iñaki Almandozek gogorarazi nahi izan zuen, garai batean 20.000 ikusle ere biltzen zirela hipodromoan. «Gaur egun halako zerbait lortzea zaila izango da, baina zaleei krosa ikustera joateko deia egin nahi diet», azaldu zuen.

Igandea goiz goizetik hasi nahi duenak ere plan polita egiteko aukera du. Izan ere, urtero legez, Vasco de Camping elkarteak krosa ikustera joateko ibilaldia antolatu du. Antiguako Jose Maria Sert plazara 9:15ean joateko deia egin dute, eta handik, oinez abiatuko dira, Zubietara iritsi bitarte. «Oso ibilbide laua eta erraza da, edonork parte har dezake», adierazi zuen Vasco de Campingeko presidentea den Txema Garaik. Ibilaldian parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik, eta doakoa izango da. Gainera, krosez gain, ibilgailu klasikoen erakusketaz gozatzeko aukera egongo da hipodromoan, iaz bezalaxe.

Donostiako 57. Nazioarteko Krosa

    Zer. Donostiako Nazioarteko Krosa eta Euskadiko Kros Txapelketa.
    Noiz. Urtarrilaren 29, igandea. 10:15ean izango da Euskadiko Txapelketako lehen irteera, eta 12:10ean, hasiko da nazioarteko krosa.
    Non. Donostiako hipodromoa.
    Distantzia. Itzuli txikiak 950 metro, ertainak 1.375 metro eta handiak 1.950 metro.
    Sarrerak. Hipodromoko lehia ikusteko sarrerak 10 eurotan egongo dira egunean bertan. Aldez aurretik, ordea, 6 eurotan erosteko aukera egongo da. 12 urtetik beherako haurrek, berriz, ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Sarrerak eskuratzeko: Servikutxa, Robers kirol denda eta Gipuzkoako Atletismo Federazioa.

Iturria: http://irutxulo.hitza.info – Estitxu Zabala

Artxibo
Event Search