Web
Analytics
Imanol Goñik eta Elena Calvillok irabazi dute Arriarango I. Mendi Lasterketa - Lasterketak.eus

Imanol Goñik eta Elena Calvillok irabazi dute Arriarango I. Mendi Lasterketa

  • Lasterketak.eus
  • Imanol Goñik eta Elena Calvillok irabazi dute Arriarango I. Mendi Lasterketa

Imanol Goñik eta Elena Calvillok irabazi dute Arriarango I. Mendi Lasterketa gaur arratsaldean. Helmugan sartzen lehendabiziko goierritarrak berriz, Koldo Agirre eta Elena Calvillo beasaindarrak izan dira. Lehia hori kirolprobako zirkuitoaren barruan dago.

Gaur arratsaldeko lauretan hasita jokatu dute Arriarango I. Mendi Lasterketa, Bealak korrikalari taldeak eta Arriarango Intxaurpe elkarteak antolatuta. 263 lagun zeuden izena emanda, baina 247 abiatu dira irteera puntutik. Arriarango auzogunean hasita 15 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute parte hartzaileek. Hau da, bost kilometroko buelta txiki bat eta hamarreko luzeago bat egin behar izan dituzte. Jende ugari bildu da bertan proba ikusteko helburuarekin. Faboritoen artean zeuden Walther Becerra, Oier Ariznabarreta, Javier Olabarria, Joseba Urbano, Maite Mayora, Nerea Amilibia eta Elena Calvillo.

Arratsaldeko bostak inguruan iritsi da lehendabiziko gizonezkoa helmugara. Imanol Goñik  1:05:23ko denbora behar izan du lana bukatzeko. Bigarren Javier Olabarria  sailkatu da 1:05:32ko denbora eginda, eta hirugarren, berriz, Mikel Idirin 1:05:51ko denborarekin.

Emakumezkoetan Elena Calvillok  1:21:21eko denbora behar izan du ibilbidea bukatzeko. Bigarren Nerea Amilibia sailkatu da, 1:22:04ko denborarekin, eta hirugarren Maite Mayora 1:23:57ko denbora eginda.

Lehendabiziko gizonezko goierritarra, Koldo Agirre beasaindarra zazpigarren sailkatu da, eta 1:08:49ko denbora behar izan du lana borobiltzeko. Agirrek aipatu duenez ibilbidean zehar aldapa gogorrak igo behar izan dituzte. Lehendabiziko emakumezko goierritarra Elena Calvillo izan da, emakumezkoetan proba irabazi duena. Oso gustura zegoen Calvillo lortutako emaitzarekin.

Goizean haurrak protagonista

Mendi lasterketa egiteaz gain, goizean Mendiko Euskal Selekzioko kideak joan dira Arrianera, eta bertan bildutako 40 bat haurrei hitzaldia eman diete. Mendi lasterketen inguruko bideo bat ikusteko aukera ere izan dute. Ondoren selekzioko kirolariekin batera urtegitik Arrianera bitarteko bidea egin dute korrika. Behin auzogunera iritsi eta gero hamaiketakoa zerbitzatu diete parte hartzaileei.

Eguerdian berriz, 70 lagunek Intxaurpe elkartean bazkaria egin dute. Lasterketan parte hartzekoak ziren hainbat korrikalarik, beraien senitartekoek eta antolakuntza taldekoek bazkaldu dute elkarrekin. Aitor Mendizabal antolatzaileak jakitera eman duenez, Arriarango emakume talde bat arduratu da hamaiketakoa zein bazkaria prestatzeaz, eta esker oneko hitzak dituzte haientzat.

Iturria: http://beasain.hitza.info

Erlazionaturiko lasterketak
Publizitatea