Goierriko atletismo proba jendetsuena eta herrikoiena igandean jokatuko da, Josetxo Imazen Omenezko 11. Krosa. Lazkaon hasiko eta bukatuko da aurten, bertako Antzar Korrikalariak taldearen hamargarren urteurrenean ohore keinua eginez. Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta, ohi bezala 10 kilometroko ibilbidea izango da, hala ere. Parte-hartzaileek gehienezko muga 1.200 kidetan jarri dute. Milatik gora lasterkari espero dituzte, Afrikako jatorrikoak tartean.
Igandean 11:00etan hasiko da lasterketa, Lazkaoko plaza parean. Txip elektronikoak 09:00etatik 10:00etara banatuko dituzte. Haurren proba 10:00etan hasiko da, Lazkaon bertan. Hirigoien eta gerontologikoko kalea erabiliko dituzte, 600, 800, 1.000 eta 1.200 metroko lasterketak egiteko.
Goierri beheko hiru herri hazienetan barrena antolatu dute ibilbidea. «Hiru udaletxeen albotik pasatu nahi izaten dugu, eta aurten lortu da, obrarik edo kale mozketarik ez dagoelako», dio Txindokiko Angel Perezek.
Lazkaok bigarren aldiz hartuko du Josetxo Imazen Omenezkoa. 2006an ere han hasi eta bukatu zen, Altamira estadioan lanak burutzen ari zirelako. «Lazkao leku aproposa da, zerbitzu guztiak bilduta daudelako: helmuga, plaza, kiroldegia…», dio Perezek. Korrikalariek Joxemiel Barandiaran Kiroldegiko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dituzte.
Aurreneko 15na gizon eta emakume sailkatuek jasoko dute saria. Denbora markak ontzen dituztenei 300na euroko sari gehigarria ere emango diete. 29:21 eta 33:44 dira errekorrak.
Jesus España atleta Lazkaon
Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta bihar ospatuko dute kideek urteurrena. Igandean krosean lasterka aterako dira. Gonbidatu ospetsua izango dute, asteburuan. Jesus España korrikalari espainiarra Lazkaon izango da, eta entrenamendu saioa egingo dute harekin.
Bihar 10:00etan kiroldegian elkartuko dira Antzar Korrikalariak taldekoak Españarekin. Entrenamendua lehenik helduekin eta ondoren haurrekin egingo dute. Ataungo Urbitarte sargardotegian bazkalduko dute gero.
«Igandeko krosean Españak ez du parte hartuko. Larunbat arratsean Burgosera joan beharra dauka, lehiatzera, baina igandean sariak emateko itzuliko da», dio Mikel Zabala taldekideak. Jesus España azkeneko Munduko Atletismo Txapelketan 10.000 metroko proban finalista izan zen.
Antzar Korrikalariak taldean gaur egun 53 lagun dabiltza, horietatik emakumezkoak 12.
Ibilbidea
Irteera. Lazkao, plaza (11:00).
Lazkao. Hirigoien kalearen bururaino joan; gerontologikoko kaletik itzuli; Madalenako errontondatik plazara; Hiribarrendik Senperera; azpiko pasabidetik Lazkaibarrera.
Ordizia. Lazkaibarko zubiatik Joseba Rezola Pasealekura; geltokiko kale osoa zeharkatu, Tximista sagardotegiraino; Gudarien Etorbidetik gora igo; Kale Nagusia zeharkatu, Plaza Nagusitik; Urdaneta kalean behera Beasainerantz.
Beasain. CAFeko ataritik gora, Iturriotz kalean, Kale Nagusian eta Nafarroa Etorbidean barrena; Barrendain plazan bira (geltoki parean); trenbide ondotik Zaldizurretako errotondara; ezker aldetik, bidegorria hartu; Senperen azpiko pasabidetik.
Lazkao. Hiribarrendik sartuta, Lazkao Txiki Zelaian helmuga.
Iturria: http://goierriekialdea.hitza.info – Aimar Maiz