Euskal Herrian urtean zehar egiten diren lasterketa guztiak biltzen ditu www.lasterketak.com webguneak. Probetan dabiltzan korrikalariei beharrezko informazioa eskura jartzea du helburu Interneteko guneak.
Sarean ere hankak arin
Uda partean lasterketa gutxiago izaten diren arren, urtean zehar korrikalari ugari ibiltzen dira Euskal Herriko hainbat bazterretan kirol-oinetako, errepide zein mendietako hautsak harrotzen. Lasterketa kopuruari erreparatuta eta informazio guztia herritarren eskura jartzeko asmoz sortu zuen Alberto Mella Beasainen bizi den Otxandioarrak www.lasterketak.com izeneko webgunea.
«Duela urte batzuetatik herri lasterketetan parte hartu izan dut eta beti zure kabuz ibili behar izaten duzu lasterketen inguruko informazioa lortzeko. Proba askok ez dute webgunerik, baliabiderik ez dutelako, edo badaukate baina jendeak ez daki horraino iristen. Beste batzuek eurek antolatutako lasterketak bakarrik aipatzen dituzte, edo eurek parte hartzeko asmoa dutenak». Informazio osotuta, eskura eta bilduta emateko eta behar den tokira bideratzeko sortu zuen webgunea.
Abenduan sortu zuen webgunea, lagun bati egin beharreko lana aprobetxatuz. «Aspalditik neukan ideia buruan. Lagun bati webgunea egiten hasi nintzen, enpresatik pertsona bakarrarentzat egitea garestia delako, eta muntaia egiten hasi nintzenean konturatu nintzen nire ideiarentzat ere balio zuela. Frogak egiten hasi nintzen, atal bat erantsi, gero beste bat… Borobildua zegoela ikusitakoan domeinua erosi eta publikatu egin nuen». Abenduaren 19an jarri zuen sarean.
Webgunea egiterako garaian abantaila txiki bat izan du Mellak, informatikaria baita lanbidez. «Azkenean nire bi zaletasun uztartu ditut: lasterketak eta informatika. Tarte batzuk libre ditugunean saltseatzen ibiltzen gara, baita etxean ere. Niretzako zerbait egitea pentsatu nuen. Oinarria badaukagu, badakigu nola egin, beraz denbora ateratzea da kontua».
Hainbat atalekin osatua
Urtean zehar egongo diren lasterketen egutegia, sailkapenak eta argazkiak dira nagusi gunean. «Argi neukan sinplea izan behar zuela. Lasterketen inguruko informazioa (izenburua, kokapena, distantzia, izen-ematea…) eta egutegia. Geroago webgunea janzteko albisteak gehitu nituen eta beste orrialde batzuen estekak».
Atal arrakastatsuenak sailkapenena eta argazkiena dira, Mellaren datuek diotenez. «Egutegia asko begiratzen du jendeak, eta gehien gustatzen zaiena sailkapenak ikustea da. Batzuetan astelehenetan bisita kopurua 300dik gorakoa izaten da. Argazkiak ikustea ere gustuko dute. Jendearen argazki bildumetara egiten ditut loturak, eta gertuko lasterketak badira neuk ateratakoak sartzen ditut».
Eguneratze lanean ere gogotik saiatzen da beasaindarra. «Bere lana dauka eguneraketa egiteak. Kudeaketarena egonkortuta dago, beraz sailkapenak eta horrelakoak sartzen ditut. Interneten edo egunkarian aritzen naiz informazio bila. Afal ondoren egiten dut lan hori eta ordu batzuk sartzen ditut azkenean. Astean gutxienez bi albiste sartzen saiatzen naiz».
Lasterketa txikienei ere tokia egiten saiatzen da Mella. «Federatuak ez ditut sartzen, baina bestelakoak bai. Ideia da herri lasterketa guztiak sartzea. Herri bateko auzo txiki batean lasterketa dagoela jakiten badut webgunean jartzen dut, oso jende gutxik baitaki. Kalean kartelak ikusten ditudanean ere argazkia atera eta orrialdean jartzen dut informazioa».
Menua hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta frantsesa) dauka jarrita, eta azkenaldian zenbait atal berri gehitu dizkio webguneari. «Egin dudan azkeneko gauza izan da Euskal Herriko mapa jartzea. Han klikatu eta lasterketa non den ikus liteke. Zure bizilekutik bertara joateko egin beharreko ibilbidea ere adierazten du mapa horrek».
Jendearekiko hartu-emana
Foroa ere badago, sarean dabiltzanek kezkak, zalantzak edo iradokizunak agertzeko. «Momentuz ez dago mugimendu asko foroan. Itxaropenik gabe jarri nuen, edukitzeagatik besterik gabe. Jendeak erantzuten badu, primeran. Badaude, hala ere, foro estandarragoak horretarako. Batzuk erantzun dute eta zenbaitzuek lasterketeten inguruko zuzenketak egiten dizkidate. Urtearen hasieran urte osoko lasterketak sartzen ditut, eta batzuetan aldaketak izaten dira. Horren berri ere ematen didate batzuek. Eguneratzen joaten naiz gauzak jakin ahala».
Gustura dago webgunearen sortzailea erabiltzaileen erantzunarekin: «Gero eta jende gehiago sartzen da eta ni oso pozik nago. Sei hilabete dira sortu nuela eta oso emaitza ona eman du. Batzuetan ikusten dut jendeak nire orrialdearen helbidea jartzen duela lasterketa baten orrialde ofizial gisa, eta nik informazioa besterik ez dut ematen. Horrek ere bisitak ekartzen dizkit eta eskertzen da. Talde batzuek esteka gisa jartzeko eskatu didate, eta neuk ere jartzen ditut. Bere lana ematen du baina horrelako zerbaiten beharra zegoen. Ez zegoen tokirik den-dena sartzeko. Orain, jende artean pixka bat gehiago zabaltzea bakarrik falta da».
webgunea datutan
Sorrera. 2008ko abenduaren 19an hasia.
Sartutako albisteak. 169.
Lasterkei buruzko informazioak. 286.
Lasterketen sailkapenak. 136/183.
Kargatutako/irakurritako orriak. Egunean bataz beste 440. Guztira 88.708.
Bisitariak.Egunean bataz beste 120. Guztira 23.000.
zaletasuna eta zerbitzua aldarri
Mellak ez du Interneten sor litekeen lehiaren beldurrik. «Nire webgunearen antzekoa, lasterketa guztiak biltzen dituena, bakarra dago une honetan, El Correo taldeak sortutakoa. Nire webgunea sortu eta handik gutxira jakin nuen horrena. Izatekotan webgune horrek egingo lidake konpetentzia, baina nik ez dut zerikusirik horrekin. Pertsona bakarra naiz eta eurek ziur asko bat baino gehiago izango dute webgunea elikatzeko eta bakarra baldin badago ere soldatapean. Zaletasunagatik egiten dut, ez nau kezkatzen beste batzuen presentziak».
Negoziorik egiteko asmorik ez duen arren, webgunean publizitatea eskaintzekotan dabil: «Niretzako ez da negozioa, ez dut iragarki bakar bat ere. Orain agian bat jarriko dut. Bada plataforma bat Interneten atletei zuzendua atletismoaren inguruko kontuak lantzeko. Zure webgunetik plataformara bideratzen baduzu jendea eta erregistratzen badira kopuru batera iristean sariak ematen dituzte. Nire webgunean jende asko sartzen da eta bertara bidera ditzaket. Sariak lortutakoan asmatuko nuke bideren bat webgunean ibiltzen direnen artean banatzeko. Enpresei diru laguntzak eskatzeko esaten didate, baina ez zait burutik pasa. Egunen batean eginez gero lasterketetan argazkiak ateratzeko kamera erosteko erabiliko nuke. Horretarako jaso, ez nire probetxu pertsonalerako. Zerbitzu bat eskaintzen dut, jendea pozik dago, nik ere izaten dut lasterketen berri eta gustura nago horrekin, nahikoa dut».
@Lasterketak. Korrika proben inguruko webgunearen helbidea Interneten: www.lasterketak.com
Iturria: Goierriko Hitza
SEGI HORRELA TXAPELDUN!!!
SEGI HORRELA TXAPELDUN!!! nire zorionik beroenak egiten ari zaren lanarengatik!!!
Comments are closed.