Web
Analytics
Bi garaipen argi – Lasterketak.eus

Bi garaipen argi

6.000 atleta inguruk parte hartu dute Zurich Donostiako Maratoian; Susana Cunha (Portugal) eta Collins Kipkorir (Kenia)

Zurich Donostiako Maratoiaren 42. edizioa ikaragarria izan da, Gipuzkoan azken egun hauetan bizi ditugun ekaitzak bezala. Hori bai, lasterketan zehar eguzkia atera da eta korrikalariek egun polita izan dute kirola egiteko. Eta goi-mailako atleten artean lasterketa ere polita izan da. 6.000 partaide inguru bildu dira hiru distantzien artean (2.664 maratoian, 2.277 maratoi erdian eta 935 10 kilometrotako proban) eta txapelak keniako Collins Kipkorir eta Portugaleko Susana Cunha atletentzat izan dira.

Hasiera-hasieratik, goi-mailako atleta afrikarrak lehen postuetan kokatu dira gizonezkoen maratoian. Herbi lanetan bi korrikalari zeuden eta 30. kilometroraino iritsi dira. Maratoi erditik 1h05:48ko denboran pasa dira, hau da, eskatua baino minutu bat motelago. Beroketa lanak egiten ari ziren bitartean, euriarekin buzti egin dira eta ez dira oso ausart atera. Hala ere, helmugan lortutako denborak ez dira txarrak izan.

Collins-ek erritmoa aldatu egin du Antiguoko auzoan sartu denean. Eta garaipen argia lortu du Keniatik etorritako atletak (2h11:57). Bere atzetik, Demeke Kasaw Biksegn etiopiarra (2h12:12) eta Noah Kangogo (2h12:22; pasa den urtean bigarren postua lortu zuen Kangogok) keniarra iritsi dira helmugara. “Ibilbidea polita da eta marka hobe bat lortzeko itzuliko naiz”, esan du irabazleak. Azkeneko bost urteetan Keniako atletek lortu dute garaipena Donostian.

Emakumezkoen lasterketan, garaipen argia Susana Cunharentzat. Afrikako sei atleta zeuden irteeran, baina Portugalen jaiotako korrikalari hau oso ausarta izan da. Herbien (Asier Cuevas eta Chakib Lachgar-en) erritmoak jarraitzen saiatu den bakarra izan da. Eta bere lehen maratoian sekulako garaipena lortu du. Tejinesh Gebisa Tulu (2h36:41) eta Bentu Shiferaw Wodajo-k (2h37:55) osatu dute podiuma. Portugaleko lehen garaipena da Zurich Donostiako Maratoian.

Maratoi erdia eta 10K

Maratoi erdian, Archie Casteel suediarraren garaipen bikaina Anoetako Miniestadioan. Bakarrik joan da hasieratik eta sekulako marka polita lortu du helmugan: 1h04:10. Emakumezkoen artean, Annemari Kiekara izan da azkarrena (1h05:36). Aipatzekoa da distantzia honetan Unai Arroyo gipuzkoarrak lortu duen denbora: 1h05:36.

Eta 10 kilometrotako proban, Aratz Rodriguez gipuzkoarra (36:35) eta John Borjesson suediarrak (30:31) lortu dute garaipena.

Erlazionaturiko lasterketak
Erlazionaturiko sarrerak
Idatzi iruzkin bat