Web
Analytics
Parte-hartze handia espero dute Josetxo Imazen oroimenekoan - Lasterketak.eus Parte-hartze handia espero dute Josetxo Imazen oroimenekoan - Lasterketak.eus

Parte-hartze handia espero dute Josetxo Imazen oroimenekoan

logoJende asko ari dela izena ematen diote antolatzaileek, eta azaldu dute txipa ez duenak ezingo duela korrika egin.

Goierriko herri-proba jendetsuenak Ordizia, Beasain eta Lazkaoko kaleak korrikalariz beteko ditu bihar. Josetxo Imazen Oroimenezkoa 9. aldiz antolatu du Txindoki atletismo taldeak, eta gero eta gehiago dira hiru herri horiek lotzen dituen 10 kilometroko ibilbidea egitera ausartzen direnak. Aurten, aurrenekoz, parte-hartzea mugatu egin dute: 1.200 korrikalaritan jarri dute muga antolatzaileek, eta parte-hartzaileek txiparekin egingo dute korrika. Angel Perez Pululu Txindoki taldeko kideak esan duenez txipa ez duen korrikalariak ezingo du proban irten. Izena ematen jende asko ari dela dio, eta gogoratu du egunean bertan ere izena eman daitekeela, baldin eta dortsalik balego. Lasterketa herrikoia 11:00etan hasiko da, eta haurrenak 10:00etatik aurrera dira Altamirako pistan.

 

Zenbait aldaketa ibilbidean

Ordiziako eta Beasaingo kaleetan egiten ari diren berritze lanak direla eta, zenbait aldaketa egin behar izan dituzte ibilbidean. Irteera puntua Altamira auzoko Txola tabernaren parean egongo da aurten. Korrikalariak Beasainera ailegatzen direnean ezkerrera hartu beharko dute INEMen bulego aldera joateko, eta tabernak dauden kaletik gora joango dira, harik eta Ibañez kafetegiaren parean eskuinera egin eta Gernika Pasealekura jotzeko. Ordizian 180 metro gehiago egingo dituzte, eta Beasainen 80 gehiago. Metro gehikuntza hori orekatzeko, 240 metro gutxiago egingo dituzte Lazkaoko kaleetan. Aldaketa horiek eginagatik probak 10 kilometro izango ditu.

GOIERRIKO HITZAk bi sari

Gizonezkoen eta emakumezkoen proba irabazteko faborito argirik ez dago. Antolatzaileek, hala ere, jendeak parte hartzea nahi dute, eta ahalegin hori saritzeko hainbat opari banatu eta zozkatuko dituzte. Mailaka, adinka eta herrika ere sariak emango dituzte. Lehen beterano gizonezkoak eta emakumezkoak GOIERRIKO HITZAren garaikurra eskuratuko dute.

Egitaraua

10:00. Haurrentzako probak Altamirako pistan, 600, 800, 1.000 eta 1.200 metrokoak.

11:00. Lasterketa herrikoia, Ordizia, Beasain eta Lazkaoko kaleetan barrena. Hamar kilometro.

 

Iturria: Goierriko Hitza

1 Comment
  1. Anonymous

    Webgune bikaina gero.
    Webgune bikaina gero. Eskertzen da lasterketa guztien egutegi eta sailkapenak web bakar batean aurkitzea.

    Segi horrela.

Comments are closed.

Artxibo
Event Search